Martxan da 'Eskoriatza Kirol Elkartea mundutik'

Imanol Beloki Unamuno 2018ko uzt. 11a, 12:12
Iaz, Ander Romerok Gijondik bidali zuen argazkia.

Eskoriatza Kirol Elkartea mundura zabaltzeko egitasmoaren hirugarren edizioa izango da aurtengoa. Oporretan argazkia atera eta elkarteko kideei bidali beharko zaie, lekua eta bertan agertzen direnen izen-abizenak jarriz. Argazki onenarentzat saria izango da.

Azken urteotan egin duten moduan, Eskoriatza Kirol Elkartea mundutik egitasmoa jarri berri dute martxan. Aurten, hirugarren urtez egingo da, eta, berrikuntza moduan, saria ere izango da argazki onena bidaltzen duenarentzat.

Ekintzaren asmoa kirol elkartea munduan zehar ezagutzera ematea da. Hala, lehiaketan parte hartzeko, elkarteko kamisetarekin, jertsearekin, bufandarekin edo bestelako elementuren batekin oporretan argazkia atera eta elkartekoei bidali beharko zaie. Argazkia bidaltzen duenak non aterata dagoen eta argazkian agertzen direnen izenabizenak jarri beharko ditu.

Parte-hartze handia

Lehen bi edizioetan arrakasta handia izan duen ekintza izan da, eta aurten ere halakoa izatea aurreikusten dute antolatzaileek. Honela adierazi du Omar Martinek, elkarteko kideak: "Iaz, 40-50 argazki inguru bidali zizkiguten, eta edizio honetan gehiago jaso nahiko genuke. Iaz, leku askotatik bidali zizkiguten: Eivissatik, Mexikotik, Gironatik, Miamitik eta Hondurastik, besteak beste. Hala ere, oporrak hartu berri ditugu, eta, oraingoz, soilik bi pertsonak bidali dizkigute, baina irailera arte denbora dago…".

Argazkiak nora bidali

Oporretan ateratako argazkiak helbide hauetara bidali beharko dira: Facebookera, Eskoriatza KE edo Eskoriatza KE Juvenil Nacional orrialdeetara; eta Instagramera, Eskoriatzake.jdh orrialdera. Ondoren, bidalitako argazki guztiak elkarteko Facebook eta Instagram sare sozialetan zintzilikatuko dituzte. Edozein zalantza edo argibide behar dituenak, bestalde, 630 70 78 80 (Omar) edo 667 70 13 76 (Antonio) telefono zenbakietara deitu dezake.

Elkartea, jokalari bila

Eskoriatza Kirol Elkartea mundutik egitasmoaz gain, datorren denboraldira begira, areto futboleko eta saskibaloiko jokalari berriak bilatu nahi dituzte, maila guztietako taldeak sendotzeko asmoz.

Ohorezko gazteek, esaterako, hainbat entrenamendu egin dituzte egunotan. "Maila honetan hiru jokalarik utziko dute taldea, eta berriak bilatzea ezinbestekoa da. Hala, hauek egin duten moduan, beste kategoria guztietan ere egingo dira entrenamendu saioak". Areto futbolean moduan, saskibaloi sailean ere egingo dituzte, baina aurrerago jakinaraziko dute noiz izango diren entrenamenduak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak