Itzelezko indarra, zuzeneko bizia, intentsitatea eta barneraino sartzen den melodiaz betetako kantuak eskainiko dituzte Willis Drummond taldeko musikariek zapatuan, 22:30ean.
Horrela emango diote hasiera Atxorrotx Kultura Elkartekoek hamaikagarren Errekan Gora musika jaialdiari. Egitarauan egonkortu den leku bilakatu da Gernika plaza, eta estreinakoz izango dira Iparraldekoak herrian. Gainera, formatu berrian etorriko dira Eskoriatzara.
Hirukote formatuan
Errekan Gora jaialdira gogo biziz datozela adierazi du Jurgi Ekiza taldekideak: "Eskoriatzara goazen lehenengo aldia da, baina izan gara zona horretan, eta beti esperientzia ona izan dugu; beraz, pozik eta gogoz joango gara. Hirukote moduan ari gara azkenaldian kontzertuak eskaintzen. Nik ahotsa eta gitarra, Xan Bidegain baxuan eta Felix Buff baterian. Hala, formatu berri hori jendearengana gehiago hurbiltzeko jarri dugu abian, eta bost diskoetako kantak eskainiko ditugu. Honekin batera, gure managerra den Luis eta soinu eta argi-teknikariak ere gurekin izango ditugu, hauek ere taldearen parte direlako. Gainera, argi-joko berezia eskainiko dugu…".
Disko berria, aurten
Ekizak gaineratu du aurten hirukote formatuan zuzenean grabatutako dutela diskoa, DVDarekin batera. "Laster grabatuko dugu, eta, horrekin batera, 2019an estudioko disko bat ere grabatu nahiko genuke… baina hori, aurrerago".
Egitarau ederra aurretik
Zapatu honetan, Willis Drummond taldeak eskainiko duen emanaldiaz gain, uztailaren 13an The Farras Band izango da. Uztailaren 20an, berriz, Alai abesbatza, eta uztailaren 28an Izaro. Horrez gain, Errekan Gora musika jaialdia Atxorrotx mendiko festarekin amaituko da, irailaren 15ean.