Danborradarako gogotsu daude parte-hartzaileak

Imanol Beloki Unamuno 2018ko eka. 27a, 15:41

Iaz presoen aldeko batailoiak ateratako talde argazkia.

Zortzi konpainia, zortzi pieza eta 200 pertsona inguruk hartuko dute aurten parte Eskoriatzako danborradan. Eguenean, 22:30ean hasiko dira herriko kaleak zeharkatzen, eta aurten zuzendari berria izango dute: Andoni Moto, hain zuzen ere

San Pedro jaien bezperako ekitaldi nagusienetakoa izaten da danborrada, eta aurten ere ez du hutsik egingo. Hain zuzen, 22:30ean hasiko da ekitaldia, eta, urteroko ibilbidea eginez, herriko kaleak danbor hotsez beteko dira –San Pedro auzotik, Olazarrera; handik, Dorletara; eta, Aranburuzabala kalean barrena, Fernando Eskoriatza plazan bukatuko da–.

Andoni Moto, zuzendari

Cirilo Perea izan da danborradako zuzendaria hainbat urtetan. Azkeneko urteetan, berriz, Garbiñe Nuñez izan da, eta aurten, Andoni Motok hartuko du aginte-makila: "Danborradako lehenengo batzorde batzarrera joan nintzen Eskoriatza Kirol Elkarteko konpainiaren izenean, eta zuzendari baten beharra zutela esan zidaten. Bada, niri proposatu zidatenean, gustura hartu nuen kargua. Orain, ea ondo irteten den…", adierazi du Andoni Motok.

Zortzi konpainia eta zortzi pieza

Iaz, 200 danbor jole izan ziren, eta aurten ere antzerako kopurua batuko da. Horrez gain, zortzi konpainiak hartuko dute parte: Elizostek, Egokienak, Gu Geuk, Amuskak, Eskoriatza Kirol Elkarteak, Eguzkilorek, Presoen Konpainiak eta Dorleta Elkarteko sukaldariek. Gainera, konpainia beste pieza joko dituzte: Marcha San Sebastian, Diana, Tatiago, Iriyarena, Gau Ibilera (Txis Pun), Katiuska, Viejas martxa eta Debako martxa.

Idoia Suduperi omenaldia

Eguzkilore konpainiakoekin irten izan da, urteetan, urtarrilean zendu zen Idoia Sudupe eskoriatzarra. Hala, aurtengo danborradan gogoan izango dute konpainiako lagunek, eta baita beste batailoiek ere.

Sudupez gain, aurten pregoia botako duen Angel Bañares bandako zuzendariak kargua utziko du bandan, eta, hari ere keinua egiteko, bandan aspaldi izandako musikariak batuko dira danborradara, Bañaresi sorpresa emateko.

Berehala bazkaldu eta martxa

Urtero moduan, 20:00etarako Joseba Iñurrategi pilotalekura joango dira afaltzera, eta honako menu hau izango dute: pastaentsalada, oilasko-izterra patatekin eta piperrekin eta pasteltxoa. Edateko, berriz, ardo beltza eta zuria, sagardoa, freskagarriak eta ura. Eta, amaitzeko, kafea, infusioak eta txupitoa. Ostean, ibilbidean zehar egingo dituzten geldialdietarako xanpain botilak hartu –Jose Arana zaharren egoitza, Tren estazio zaharra eta Elizoste elkarte parea–, eta 22:00etarako San Pedrora joango dira. 22:30ean hasiko dute ibilbidea. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak