Aspaldian ez da Debagoieneko plazetan aritu Niko Etxart zuberotarra (Altzürükü, 1953). Kontu zaharrak dira dantzaldi formatuan, beti goi mailako musikariz lagunduta, plazarik plaza aritzen zenekoa. Eskoriatzan izango da barikuan, Gorosarri plazan.
"Azkeneko urteotan bagabiltza ahalegin berezia egiten kontzertu ezohikoak, zainduak, ekartzeko Gorosarri plazara. Edozein adin eta gustukoren gozagarri. Oraingoan, Niko Etxartekin akordatu gara". Arantxa Unzueta Kultura teknikariaren berbak dira.
Oparoak eta askotarikoak dira Niko Etxarten musika erregistroak. Gaztaroa Parisen eman zuelarik, han arnastutako eta mamitutako musika joera berriak, rock-and-rolla, euskal kulturarekin uztartzen lehenetakoa izan zen. Euskal rocka Iparraldean sortu zela esan daiteke, Niko Etxarten beraren eta haren Minxoriak taldearen eta Errobiren eskutik, batik bat. 1975 aldean, Frantzian goreneko zerrendetara iritsi zen Euskal rock and roll mitikoa, urte batzuk geroago, 1979an, haren lehen disko luzean argitaratu zena.
Hiruko formatuan
Abestiarekin lortutako arrakastarekin, 1980ko hamarkada izan zen Etxarten urrezkoa euskal plazetan. Gerora, Dominika aitarekin-eta egin izan ditu emanaldiak, soilik ahotsa lagun zuela, eta Debagoienean ere egin zuten geldialdirik aita-semeek. Zuberoako kanta zaharrak ekarri zituzten jendartera.
Barikuan hiruko formatuan helduko da Eskoriatzara. Dominic Earl (gitarra, ahots) eta Kiki Graciet (ahoko soinua) lagun dituela.