Giza egiturak egiteko modua eta azkenean hartzen duten itxura, biak dira ohiko castell-ekiko desberdinak Falcons de Vilafranca taldekoek egiten dutenaren kasuan. Formak askotarikoak izan daitezke, eta, egiteko moduari dagokionez, ez dira soilik batzuen hankak besteen sorbalda gainetan jarriz eraikitzen; bizkar gainean ere jartzen dituzte, esate baterako. Oinarrian ere ez dute jende multzorik behar.
Giza egituren aldaera horrek Txekoslovakian du jatorria, eta duela 80 urte inguru iritsi zen Kataluniara. Indar handia hartu zuen, gainera, eta 50eko hamarkadan 200 talde inguru zeuden herrialde osoan. Gaur egun, 11 dira gimnasia eta kirol kutsu handiagoa duen aldaera horretan diharduten taldeak.
Musika izaten dute lagun ikuskizunok. Honela, 19:30ean hasita –hilaren 30ean–, kalejiran jardungo dute aurrena, eta plazan egingo dute ikuskizuna gero.