Musika, dantza eta antzerkia, 'Sagartu'

Julen Iriondo 2018ko eka. 27a, 10:01

"Umorez, alaitasunez eta bizi-bizi, sagarrak gure herrian ez ezik, paradisuko garaietatik hona izan dituen esanahi guztiak plazaratuko dituen kaleko ikuskizuna" da Hika Teatroak eta Oinkari dantza taldeak San Pedro biharamunean aurkeztuko dutena.

Jaietako zapatuan, askotariko diziplina artistikoak baten biltzen dituen emanaldiarekin gozatzeko aukera izango da Gorosarri plazan –euria egiten badu, kiroldegian–. Zuzenekoa izango da musika, eta antzerkiak eta dantzak osatuko dute saioa.

Sagarra du ikuskizunak oinarri; Agurtzane Intxaurraga zuzendariak hau dio jatorriari buruz: "Ni neu sagarzale amorratua izan naiz beti, eta, bestetik, Donostian bizita, pentsarazten zidan Gipuzkoan zein indar daukan sagarrak, baita Gipuzkoako ekonomian ere. Hor sakontzen hasi nintzen, sagardotegien inguruan, zein indar izan duten sagarraren edo dolarearen inguruan eraikitako baserriek. Eta Euskal herrian sagarrak izan duen indarraz gain, hor dago zenbat esanahi izan duen sagarrak historian zehar: paradisutik hasita, sagar perfektu hura, edo sagar ustela, Edurne Zuriren ipuina, Newtonen sagar inspiratzailea...".

Esanahi horietako asko, gainera, "emakumezkoei lotuta" zeudela eta horrek ere beragan eragina izan zuela dio Intxaurragak: "Eta gero, ikusita elementu bezala hain dinamikoa, hain borobila, hain dantzaria, pentsatu nuen hauxe zela aukera, eta horrela jaio zen Sagartu".

Intxaurragaren estilokoa

"Ikuskizun bisualak, poetikoak, kontzeptutik abiatutakoak" ohi dira Intxaurragarenak, eta horrek ere badu horretatik: "Gertatzen dena da oraingoan plazara goazela, bizi-bizi, freskotasunez, alaitasunez eta atmosfera poetiko bat ere sortu nahian; ibilbide bat dauka, sagastitik hasi eta sagarra sagardo bihurtu arte. Ibilbide hori plazan ere ikusiko du ikusleak, eta dantzariak hainbat erritmotan murgilduko dira".

Ikuskizuneko musika Iñaki Dieguezek espresuki ikuskizun horretarako sortutakoa da –Iker Telleriarekin batera interpretatzen duena–; aktore lanetan, berriz, Miren Gojenolak dihardu; testuak Arantxa Iturberenak dira; eta Eneko Gil da koreografiaren sortzailea.

Hika Teatroa konpainiaren eta Oinkari dantza taldearen ikuskizuna 22:30ean hasiko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak