Aurtengo pregoia Beheko Errota musika eskolako bandako zuzendari Angel Bañaresek egingo du. Bandako zuzendari izateari uztea erabaki du, 35 urteren ostean, eta, ibilbide luze horri aitortza emateko, hari eman diote Eskoriatzako Udaleko ordezkariek jaiei hasiera emateko ohorea.
1980an sortu zuten Eskoriatzako musika eskola Maria Esther Oregik eta Mari Cruz Oiangurenek. Haiekin batera, Angel Bañares eskolak ematen hasi zen bertan. Eskola sortu eta bost urtera, musika eskolako bandako zuzendari hasi zen Bañares, gaur arte, eta, hemendik aurrera, kargu horrekin jarraituko ez duen arren, musikarekin daukan lotura ez du etengo; izan ere, bandan saxofoia jotzen jarraituko du.
San Pedro bezperan, ekainaren 28an, emango diete jaiei hasiera, 19:00etan. Hala, Fernando Eskoriatzako plazara jendea gerturatzeko gonbidapena egin dute udal ordezkariek, txupinazoarekin eta pregoiarekin 2018ko San Pedro jaiei hasiera emateko.
Bañares familia eta musika
Gaur egun, 30 musikarik osatzen dute Eskoriatzako banda, eta horietatik hamar Bañares-Bengoa familiakoak dira. Hala, aurrera begira, jende berriaren aldeko apustua egin nahi dute, azken urteotan ez baitira kide berriak sartu musika bandan.
Betiko hitzorduetan soilik hartzen du parte musika bandak, eta, ilusioa ez galtzeko eta motibazioa pizteko, hitzordu gehiagotan parte hartzea da hurrengo erronka, banda suspertzeko.
Pauso berriak ematen hasiak
Herritik askorik ez irten arren, herrian bertan domekero jotzen zuen, lehen, Eskoriatzako bandak, herriko plazan. Gaur egun, hainbat emanaldi jotzen dituzte urteko egun berezietan; Gabonetan, Santa Sezilia egunean, musika eskolakoen ikasturte amaierako jaialdian… Aurten, gainera, Aratusteetan lehenengo aldiz jo dute kontzertua, inurrien antzera ari dira pausoak ematen, eta hala jarraitu nahi dute ibilbide berri honetan.
ANGEL BAÑARES Bandako zuzendaria
Angel Bañares igoko da udaletxeko balkoira txupinazoa eta pregoia botatzera.
Ohore handia txupinazoa eta pregoia botatzea, ezta?
Bai, noski. Pozik nago, baina banda osoaren izenean hitz egingo dut, denok merezi dugulako aitortza, eta ez nik bakarrik.
Jaiei hasiera emateko pregoirako baduzu ezer prestatuta?
Egia esan, ez. Nire semeetakoren bat igoko da nirekin batera udaletxeko balkoira, eta eurek hitz egin dezatela. Edo, bestela, prestatuko didate zerbait esateko modukoa. Nik neuk esango dudana da bandan egon naizen beste urte bete ditzala taldeak. Jarrai dezala indarra hartzen, eta gazteek ilusioz hartu dezatela bandan jotzearen ardura.
Zuzendari ibilbidea amaituta, orain zer?
Zuzendari kargua utzi dudan arren, musikari segituko dut, bandan saxofoia jotzen, hain zuzen. Edozelan ere, urte asko egin ditut lan horretan, eta erretiratzeko ordua zen. Konpromiso handia da, eta gazteei utzi behar zaie bidea egiten. Orain, nire ikasle izandako Jesus Urrutia izango da zuzendari berria, eta ni hor egongo naiz beti, laguntzeko prest.