Eskoriatza musikaz betetzen den Errekan Gora jaialdian izango diren taldeak aurkeztu dituzte aste honetan, Atxorrotx Kultura Elkarteko kideek. Estilo ezberdinetako taldeak, adin ezberdinetako jendeari zuzendutakoak, eta herriko txoko ezberdinetan eskainiko dituzte kontzertuak. Aurten, uztaileko asteburuetan izango diren emanaldiez gain, egun handia, irailerako utzi dute antolatzaileek. Hain zuzen ere, Atxorrotx mendian egingo duten jaierako.
"Betiko formatua erabili dugu, musika oinarri izanda, mota ezberdinetako taldeak ekarriz, eta adin guziko jendeari zuzendu nahi izan ditugunak", adierazi du Edorta Barandiaran, Atxorrotx Kultura Elkarteko kideak.
Berrikuntza, Ibarraundi
Aurtengo lekuei dagokienez, berrikuntza, Ibarraundi museoan izango den emanaldia da. Beste edizio batean eraikuntza barruan egin bazen ere, oraingoa kanpoaldean izango da.
Lehengo izpiritua bueltatu guran
Errekan Gora jaialdiaren hamaikagarren edizioa izango da aurtengoa, eta hirugarren edizioan egin zen moduan, Atxorrotx mendiko festa egingo da.
2010ean, trikitilariak, bertsolariak, eta Bizardunak talde nafarra izan ziren Atxorrotxen, eta aurten, berriz, umeen gunea jarriko dute, Zopilotes Txirriaus taldea izango da, eta beste hainbat ekintza ere izango direla jakinarazi dute antolatzaileek: "Hirugarren edizioan egin zen moduko festa antolatu nahi dugu, eta gero herrian emango diogu amaiera, sorpresatxoren bat edo besterekin…".
Egitaraua
Uztailak 7
• Willis Drummond. Gernika plazan, 22:30.
Uztailak 13
• The Farras Maching Band. Kalean zehar, 19:30.
Uztailak 20
• Alai abesbatza. Ibarraundi, 22:30.
Uztailak 27 (Kartelean oker dago)
• Izaro. Zaldibar plaza, 22:30.
Irailak 15
• Zopilotes Txirriaus, umeen gunea… Atxorrotx mendia, egun osoz.