Lehia bizia, lagun artekoa, eta parte-hartze handikoa izan zen zapatuan jokatutako Kontzejupe pilota txapelketa. Goizean, gazteek jokatu zituzten partiduak, eta arratsaldean, berriz, nagusien txanda izan zen. Finala, Oier Urrutiak eta Aitor Oyon-ek, Ibai Gracia eta Igor Larringan-en aurka jokatu zuten, eta ikusteko modukoa izan zen.
Aurtengo parte-hartzea handia izan da Eskoriatzako txapelketa herrikoian. Giro aparta izan zen bertan, eta parte-hartzaileen arabera maila handia izan zen arren, gustura aritu ziren denak.
Partiduak 25 tantotara jokatu ziren, hiru taldetan banatuta, eta ikusteko leku gutxi egon arren, bertaratu ziren hainbat herritarrek partidu ederrez gozateko aukera izan zuten.
Sari onena, konpartitzea
Oier Urrutia eta Aitor Oyon irabazleek txuleta ederrak jaso zituzten sari gisa, garaikurrarekin batera, eta txapeldunordeek, berriz, Txakoli boteilak jaso zituzten. Hala, lauak elkarrekin konpartituko dituztela sariak adierazi zuten, afari eder bat eginaz.