Badator Kontzejupe Pilota Txapelketa

Imanol Beloki Unamuno 2018ko eka. 22a, 11:43

Kontzejupen haurrak pilotan jokatzen.

Atxorrotx Kultura Elkarteak antolatuta, udaletxe azpiko arkupeetan jokatzen den eskupilota txapelketaren hamaseigarren edizioa izango da aurten. Goizean gazteek jokatuko dituzte partiduak eta arratsaldean, berriz, nagusien txanda izango da.

Zapatuan jokatuko da Kontzejupe Pilota Txapelketa. Goizean, 10:00etatik aurrera, 9 eta 12 urte bitartekoen, 13 eta 15 urte bitartekoen eta emakumezkoen txapelketak jokatuko dira, eta 15:30etatik aurrera gizonezkoen txanda izango da; 16 urtetik gorakoena, hain zuzen ere. Izenematea egunean bertan egin beharko da, txapelketa hasi aurretik, kontzejupean bertan.

Ohitura gal ez dadin

Atxorrotx Kultura Elkarteak antolatutako ekimena egiten dela badira hainbat urte, eta aurtengoa hamaseigarren edizioa izango da. Aspaldi, egiten zen txapelketa, eta berriz antolatzen hasi ziren Atxorrotx Kultura Elkarteko kideak; izan ere, lehengo garaietatik gaur egunera arte, kontzejupean pilotan jokatzeko ohitura galtzen ari zela ikusi zuten. Hori horrela, San Pedro jaien aurretik, urtero antolatzen dute, ohitura gal ez dadin.

Gakoa, trukoak jakitea

Eskoriatzako udaletxe azpiko txokoa frontoi bitxia da eskupilotan jokatzeko. Bertan asko jokatu duenak badakizki aurkariari irabazteko dauden trukoak, eta, horiek zeintzuk diren jakinez gero eta jokaldiak ongi irtenez gero, garaipena eskuratzeko puntu asko dituztela badakite parte-hartzaileek. Esaterako: udaletxeko atera pilota botata, atzeko paretan pilota errebotatuz, eskuin aldeko horma saihestuz pilota plaza aldera botata, besteak beste.

Antolatzaileen esanetan, egunean bertan eman behar da izena, baina hainbat herritar etorri zaizkie izena emango dutela esanez. Honela adierazi du Enrike Iregik, antolakuntza taldeko kideak: "Urtero animatzen direnez gain, emakumezkoetan lau bikotek emango dute izena aurten. Txapelketan parte hartzera animatu nahi ditugu herritarrak, edo partiduak ikustera etor daitezela, giro aparta izaten baita…".

Izen-ematea handitu guran

Txapelketa horretaz gainera, Pilota berpiztuz ekimenarekin ere hasiak dira Tortolis ludotekakoak eta Arizmendi kirol elkartekoak. Txikienak pilotara hurbiltzeko helburua du ekimenak, eta, bide batez, kontzejupean pilotan jokatzeko zaletasuna piztu nahi da. Hain zuzen, Kontzejupe Pilota Txapelketan aurreko edizioetan baino gazte gehiago izan daitezen nahi dute antolatzaileek. Izan ere, iaz, emakumezkoen bi bikote eta gizonezkoen zortzi bikote izan ziren gazteen sailean. Helduenean, berriz, bederatzi bikote izan ziren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak