Atzo zortzigarrenez egin zuten Eskoriatzan Gabaz Takarraran lasterketa. Aurtengoan berritasun gisa oinez egiteko aukera jarri dute, eta erantzun paregabea izan zuen, 100 lagunetik gora aritu baitziren ibilbidea oinez egiten. 21:00etan abiatu ziren Eskoriatzako Plazatik, ikusleen txalo artean.
23:00etan korrikalarien txanda heldu zen. Euri zaparradarekin bat irten ziren jendez beteta zegoen Eskoriatzako Plazatik. Lasterketa ia erdia egin orduko Plazatik igaro eta ordurako faboritoak zeuden lasterketa buru. Gizonezkoetan Iñigo Alzola arrasatearra pasa zen lehen, atzetik Ander Nafarrate herrikidea eta hirugarren lekuan Xabier Lete oñatiarra.
Emakumezkoetan, Nerea Amilibia zarauztar beteranoa lehen, Maite Zabaleta oñatiarra bigarren eta hirugarren postua Ainara Uribarri oñatiarra.
Lasterketa amaieran sailkapeneko lehen hiru postuak ez ziren mugitu, baina gizonezkoen kasuan lasterkarien arteko denbora tarteak handitu egin ziren. Alzola lehen postua eskuratu zuen bi orduz azpitik erlojua geratu ostean (1:57:14). Nafarrate hiru minutura helmugaratu zen (2:00:17) eta Lete lau munutu pasatxora (2:01:29).
Emakumezkoen kasuan lehia bizia izan zen amaierara arte, bi minutuko tartean helmugaratu baitziren lehen hiru sailkatuak. Amilibia izan zen lehena (2:36:29), Zabaleta bigarren (2:37:22) eta Uribarri hirugarren (2:38:26). Aipatzea, Nerea Amilibiarentzat bere ibilbideko 122. garaipena izan zela. Zorionak, beraz!