Aste Kulturala, bikain
Eskoriatzako Luis Ezeiza Herri Eskolak Aste Kulturala egin du asteon. Egubakoitzera bitartean, irakurzaletasuna bultzatzeko, inguruko eskolen arteko komunikazioa indartzeko, jendaurreko aurkezpenetan gaitasunak garatzeko, bizikidetza lantzeko eta gurasoen, ikasleen eta irakasleen arteko harremanak indartzeko askotariko ekintzak egin dituzte: ipuin kontaketak, tailerrak, jolasak, ikasleek prestatutako antzerkiak, abestiak, filmak, bertsoak… Hala, umeak gustura aritu direla adierazi du Luis Ezeiza Herri Eskolako Maitane Gomez de Segura irakasleak: "Besteak beste, antzezpenak izan dira nagusi Aste Kulturalean. Arrasateko eskolakoendako egin dituzte. Baita Aretxabaletako eskolakoendako eta gurasoendako ere. Horrekin batera, bihar eskolako jaia izango dugu; eta ea eguraldiak laguntzen digun".
Ikasturte amaiera, festa giroan
Zapatuko eskolako jaia ikasturteari jai giroan amaiera emateko antolatu dute. Egitaraua honako hau izango da: 10:30ean, kalejira egingo dute, eta jarraian, Fernando Eskoriatza plazan ikasleen emanaldia eta Ene Kanta ikusteko aukera izango da. Ondoren, eskolako arkupeetan herri bazkaria egingo dute, eta, ostean, puzgarriak eta apar festa izango dituzte, gaztetxoen gozamenerako. "Aurten, herrira gehiago zabaldu nahi izan dugu Luis Ezeiza eskolako jaia, eta, horregatik, kalejira egingo dugu egunari hasiera emateko, herriko kale ezberdinetatik igarota. Horrez gain, aurten, tailerrak beharrean, Ene Kantak-ekoak izango ditugu gurekin. Koldotxo Guraso Elkartekoek egin diete gonbidapena; izan ere, euren DVDan parte hartzeko aukera izan dute Lehen Hezkuntzako ikasleek, Dinosauroak abestiarekin, eta hori ere dantzatuko dute haurrek plazan".