Maringo auzo-alkate Alberto Letonaren esanetan, berak ez zuen ikusi lurreratzen, baina baliteke auzotarren batek ikusi izana. "Belategi eta Emaldi baserrien artean erori zela uste dut nik, bertan atera baitzuten talde argazkia zundaren bila etorri zirenek. Auzoan ez dut galdetu ea norbaitek ikusi zuen, baina polita izango zen lurreratzea ikustea".
Bi ordu eta 40 minutu airean
Zundari Txotxe izena jarri zioten, Jose Martin Urrutia, Kurutziaga ikastolako irakasle izan zena, gogoratuz. 14:00 inguruan askatu zuten globoa, eta, 34.950 metroko altuerara heldu eta eztanda egin ondoren, Eskoriatzako Marin auzoan lurreratu zen, 16:40 bueltan.
Egindako bidea, argazkitan
Zundaren barnean hiru kamera sartu zituzten, bata gorantz, beste bat alborantz eta beste bat beherantz begira. Hala, bi ordu eta 40 minutuan egindako bidearen bideoa osatu dute argazki bidez.
Kamerez gain, zunda meteorologikoaren kokapena jarraitzeko GPS APRS telemetria gailu bat eta presioa, tenperatura eta hezetasuna neurtzeko Datalogger aparailu bat zeramatzan.