Eskoriatzan goiz pasa ederra egiteko aukera izan da gaur, Arizmendiko lagunek antolatu duten XXII. Ferixian. Bost gune nagusitan kontzentratu dute aurtengo jaia: umeen gunea –Jose Aranako jolastokian–, talo postua eta taberna –elizpean–, baserriko produktuen gunea –Santa Marina plazan–, artisauen postuak –Santa Ana aparkalekuan– eta dantzak eta bazkaria –Fernando Eskoriatza plazan–.
Artisauen eta baserritarren artean 90 postu jarri dituzte guztira "Eskoriatzarrak dira postua jarri duten asko. Hemengoak ez direnak ere badaude, baina hainbeste urte jarraian etorrita guretzako ia ia eskoriatzarrak dira" azaldu du Arizmendiko irakasle den Jon Kortazarrek. Aipatzea, hirugarren urtez jarraian, Arresetarrek Marinetik ekarritako gazta guztiak saldu dituztela denbora gutxian.
Talogileak ere txistorrarik gabe geratu dira, hori bai, majo lan egin ostean. Azken taloa saltzearekin bat rifen zozketa egin dute Jose Aranan eta erretiroa hartu duten bi irakasle ere omendu dituzte.