Europa osoko borrokalariak
Global Boxing Federation-ek (GBF) eta Nazioarteko Arte Martzialen Federazioak (FIDAM) antolatutako txapelketan, Europa mailako borrokalariak batuko dira, eta arte martzialen diziplina ezberdinak izango dira bertan. Open eta amateur mailetako borrokez gain, gala moduan borroka profesionalak eta tituluak jokatuko dira.
800-1.200 borrokalari inguru batuko dira Reusen, asteburuko hitzorduan, eta hauek izango dira bertan ikusi ahal izango diren diziplinak: tatamian, semicontact, light contact, grappling, hapki-do, forma tradizionalak eta estremokoa –armekin edo arma gabe–; ringean, full-contact, kick boxing, K-1, muay thai eta boxeoa; eta oktogono formatuan, MMA.
Urratsak ematen
Mikel Beloki Atama taldeko borrokalariak lorpen handiak lortu ditu denbora laburrean. Izan ere, iaz, Espainiako txapeldunordea izan zen kenpo modalitatean. Aurten, berriz, kenpoko hiru modalitatetan izan da txapeldunorde: fullkenpo, puntura eta semi-contact diziplinetan, hain zuzen.
Asteburu honetan, aldiz, K-1 modalitatean, 90 kilotik gorakoetan jokatuko du Belokik, lehenengo aldiz: "Modalitate hau probatzera noa soilik. Europa osotik etorriko dira borrokalariak, eta ikusi egin beharko da nolakoak diren nire pisuan daudenak. Hiru minutuko bi roundeko borrokak dira, eta kolpe asko izaten dira, gainera. Emateaz gain, seguru asko jasoko ditugula… Leire fullkenpoko Espainiako txapelduna da, eta, nire moduan, K-1 modalitatean jokatuko du bere pisuan".
Eskoriatzarren borroken ostean, Europa mailan gerria jokatuko dute profesionalek, eta borroka ederrak ikusteko aukera izango dute.