Lehenengo saioa 20:00etan hasiko da eta bigarrena, berriz, 22:00etan. Antzezlan dibertigarria eskainiko dute, eta sarrerak aldez aurretik egongo dira salgai Manuel Muñoz kiroldegian; eta saltzen ez direnak egunean bertan saltzen jarriko dira Zaldibar antzokiko leihatilan, 21:30ean.
Antzerki amateurra, umorezkoa
Zazpi urteko ibilbidea du Ausartak taldeak, eta, hasi zirenetik hona, bost lan inguru egin dituzte, baita saio txiki batzuk ere. Beti umorea oinarri, saio erreibindikatzaile eta feministak eskaintzen saiatzen dira. Honela adierazi du Mari Carmen Fernandezek, taldeko kideak: "Urtean antzezlan bat eskaintzen saiatzen gara. Panico Escenico antzerki taldeko Arantxa Lopez de Letona da gure irakaslea, eta hilean bi edo hiru entsegu izaten ditugu kultura etxean. Oraingo antzerkia dibertigarria da, elkarrizketa umoretsuak daude, eta dantza ere ez da faltako".
Bizitza ikusteko beste modu bat
Bainuetxe batean gertatzen den istorioa interpretatuko dute Ausartak taldeko emakumeek, eta bizitza ikusteko beste modu bat dagoela ohartaraziko direla da oinarria.
Hainbat emakume, bizitzaren helduaroan aurrera doazenak, jabetzen dira aro hori ez dela ilun eta negu kolorekoa, baizik eta garai berri eta dibertigarri bat. Barre egitea, negar, sentitzea, sufritzea, gozatzea… hori da bizitzea. Bizitzaren une bakar bat bera ere alferrik galdu gabe eta umore handiz bizitzea erabakitzen dute, zer gerta ere.
Herriko protagonistak
Antzerkiko protagonista guztiak emakumeak eta herrikoak dira, eta, beti egin ohi duten moduan, ikusleak barrez lehertzeko eta txaloak lortzeko helburuarekin igoko dira oholtzara. Honako hauek dira protagonistak: Emi Izurra, Katy Pizarro, Maribi Carrillo, Mari Carmen Fernandez, Marijo Fernandez, Paquita Ramos eta Amaia Arrizabalaga.
Herritarrei eskerrak eman nahi dizkiete partaideek, oholtzara igo aurretik: "Talde amateurra gara, guk egin dugu gidoia, eta profesionalak ez izan arren, Eskoriatzako herritarrak beti izan dira hor gu ikusten; beraz, eskerrik asko!".