Kirol festak eztanda egin du gaur Eskoriatzan. Goiz partean eskola kiroleko neska-mutikoak elkartu dira jolasean jarduteko, eta hala, ikasturteari bukaera eman diote LEKeko kideek. Hitzaldiak ere izan dira Alvaro Gonzalez kirol psikologoak eskainita, eta eguerdian, paella bazkaltzeko elkartu dira kirol elkarteko kideak. 200 lagun inguru izan dira mahaiaren bueltan, eta euri zaparrada gonbidatu gabeko lagun izan badute ere, jai giroan jarraitu dute guztiek.
Arratsalde partean ere ez da kirolik falta izan; saskibaloi jaurtiketa txapelketa jokatu dute plazan gaztetxoek zein gurasoek. Han elkartu dira gero, I. Slalom txapelketako parte-hartzaileak sari banaketa ekitaldia jarraitzeko.
Une hunkigarriak bizi izan dira Gregorio Palacios iritsi denean plazara. Futbol entrenatzaile ohia eta kirol elkartean lan asko egindakoa, Joseba semeak ekarri du. Inguruan elkartu dira haren esanetara jardundako hainbat jokalari ohi eta Udaleko eta kirol elkarteko ordezkariak. Lore sorta eta txapela jaso ditu Gregoriok, eta eskerrak eman dizkie guztiei Josebak, aitaren izenean.
Euskal Kopako txapelduna
Eguna borobiltzera etorri dira gero areto futboleko gazteak. Izan ere, Manuel Muñoz kiroldegian jokatutako Euskal Kopako finala irabazi egin dute. Gora Bilbao Red Blue taldea aurretik jarri da partiduan, baina gogor borrokatu ostean kopa etxean geratu da 4 eta 2 irabazita. Udaletxeko balkoira igota ospatu dute horiek garaipena, plaza lepo bete duten herritarrekin batera.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!