Tortolis-ekoek zirkua eskainiko diete egoiliarrei

Imanol Beloki Unamuno 2018ko mai. 25a, 08:44
Tortolisekoak talde argazkian.

Tortolis ludotekako haurrek zirkua eskainiko dute gaur, Jose Arana zaharren egoitzan, 18:00etan. Hainbat hilabetez prestatzen aritu diren proiektuari amaiera emateko saioa izango da, eta, guztira, 35 haurrek hartuko dute parte ikuskizunean.

Eskoriatzako Tortolis ludoteka buru-belarri aritu da aurten Tortolis Zirkua izeneko proiektuarekin. Hainbat entsegu egin dituzte hilabeteetan zehar, eta gaur, Jose Arana zaharren egoitzan emango diote amaiera proiektuari, egoiliarrei eskainiko dieten emanaldiarekin.

18:00etan hasiko da saioa, eta, egoiliarrendako egingo duten saioa izan arren, herritar guztiei zabalik egongo den ikuskizuna izango da. Hala ere, bertara joateko, gonbidapena jaso beharko da ludotekan.

Gogotsu hartutako ekimena

Nekane Atxaga, Asier de la Flor eta Maialen Lete Tortolis ludotekako begiraleek adierazi dutenez, haurrek pozik hartu dute zirkua egitearen proiektua; izan ere, eurek proposatuta ekin zioten bideari: "Badira hilabete batzuk proiektu hau proposatu zigutela, eta bi aldiz pentsatu gabe aurrera egitea erabaki genuen. Honen harira, ludotekako proiektua herriko eragile batekin partekatzea erabaki zen, eta zaharren egoitzarekin batera elkarlanean egitea adostu zen, azkenean, haur zein nagusientzat aberasgarria izango zela pentsatuz. Zirkuari begira, marrazkiak, zirkuan jarriko den dekoratua eta apaingarriak egiten ibili dira gaztetxoak azken hilabeteetan. Guztiak, oso gogotsu".

Fruituak emateko saioa

Akrobatak, malabaristak, dantzariak, ekilibristak, pailazoak, trapezistak, break dance dantzariak, palomita saltzaileak… egongo dira gaurko saioan, baina, egongo dena baino gehiago, azpimarratzekoena aurretik egin duten lana izan dela adierazi dute ludotekakoek: "Taldekatzeak, rol banaketak, pertsonaia bakoitzaren eginbehar zein pausoak eta janzkerak erabaki dituzte; horrek dakartzan zailtasunekin. Horren harira, aipatu behar da haurrek momentu oro jarri duten desira eta parte hartze maila benetan txalotzekoa izan dela. Horren adibide da, guztira, 35 haurrek egingo dutela zirkua".

Gonbidapena herritarrei

Ludotekakoek ikusle asko espero dituzte. Izan ere, Jose Aranako egoiliarrez gain, haurren guraso, lagun eta familiakoak izango dira bertan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak