Lanak ekainaren 27rako amaitzea espero dute

Imanol Beloki Unamuno 2018ko mai. 21a, 11:14
GI-627 errepidean buru-belarri ari dira lanekin.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegitura Departamentuak jakinarazi duenez, lehenbailehen amaitu nahi dituzte lanak. Saihesbidea itxita, Jose Arana kaletik bideratu dute zirkulazioa, eta ekainaren 2an egingo den Ferixan eragina izango du horrek.

Apirilaren 13an, Lete auzora bidean dagoen errepide zatia hondoratu egin zen; izan ere, erreka pasatzen den hodia itxi egin zen, eta presa sortu zen Elorreta eta Sorautz artean. Horren ondorioz, lanak egiteko, Eskoriatzako saihesbidea –GI-627 errepidea– itxi egin zuten, eta Jose Arana oinezkoentzako gunea ibilgailu pisutsuentzat –autobusak eta kamioiak– bi noranzkoetan zabaldu. 

Lanetan buru-belarri

Ordutik hona, GI-627 errepidean buru-belarri ari dira lanekin. Bolibar ibaia bideratzeko, 400 zentimetroko diametroa duen hustubidea egin dute; drainatze obrak 40,5 metroko luzera du.

Pasa den astean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegitura Departamentuak jakinarazi zuenez, lehentasun nagusia saihesbidea egonkortzea da: "Lanak lehenbailehen amaitzeko behar diren bitarteko guztiak jartzen ari badira ere, aurreikuspenen arabera, GI-627 errepidea ekainaren 27an zabaltzea da gure asmoa; betiere, baldintza meteorologikoek uzten badute".

Herri barruan, zirkulazioa

Lanak hasi zirenetik, Eskoriatza herri barrutik eta AP-1 errepidetik pasatzen da zirkulazio guztia, eta herri barruan nabari da trafikoa. "Obra zailak dira; izan ere, kaltetutako zerbitzu asko dago; ibaia behin-behinekoz desbideratu egin behar da, fase desberdinetan hondaketak egin behar dira… Horiek direla eta, ezinezkoa da lanak ekaina baino lehen bukatzea".

Ferixia ekainaren 2an egingo da

Saihesbidea itxita, eta Jose Arana kalea momentu oro zirkulaziora irekita dagoenez, Arizmendik urtero antolatzen duen Ferixia egingo den edo ez zalantzak sortu dira herrian. Hala ere, Ferixia ekainaren 2an egingo dela jakinarazi dute antolatzaileek. Honela adierazi du Esti Aguadok, Arizmendiko ordezkariak: "Saihesbidea itxita, erdiko kalea zabalik mantentzera behartuta gaude. Momentu puntualetan soilik pasatuko dira Gatzagara joan behar duten autobusek. Autoen zirkulazioa, berriz, atzeko kaleetatik bideratuko da –Arbiñoste eta Dorleta–. Zirkulazio puntual hori kontrolatzeko, punta bakoitzean guraso eta irakasle batzuk egongo dira. Horrez gain, postuen kokapena ez daukagu guztiz lotuta, aukera ezberdinak ditugu esku artean eta guretako egokiena izango dena hautatuko dugu. Betiere, Ferixiak duen esentzia ez galtzea dugu helburu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak