Don Inorrez, Imanol Ubedaren proiektu berria

Imanol Beloki Unamuno 2018ko mai. 18a, 14:49

Bide Ertzean taldearen errautsetatik sortutako taldea da Don Inorrez. Egitasmo berriaren lehen lana 'Mugiro bila' da eta hamar kantuz osatuta dago. Hala, gaur, egubakoitza, kontzertua eskainiko dute Eskoriatzako Zaldibar antzokian, 22:30ean.

Joan den zapatuan ospatu zuten Atxorrotx Kultura Elkartearen eguna, Eskoriatzan. Era askotako ekintzak izan zituzten, baina egitaraua moldatu egin behar izan zuten euriaren eraginez. Hala, hitzordu batzuk lekualdatu egin behar izan zituzten eta beste batzuk, berriz, bertan behera geratu ziren. Edozelan ere, elkarteko kideek egunaren balorazio positiboa egin zuten, eta giro ederra sortu zela adierazi: "Oro har, esan dezakegu pozik gaudela egunarekin. Eguraldiak lagundu ez zuenez, aurreko urteetan baino lagun gutxiago elkartu ginen. Hori bai, giro ederra sortu zela esan beharra dago".

Gaur, 22:30ean, Don Inorrez

Atxorrotx Kultura Elkartearen egun handia zapatuan izan arren, egitarauarekin jarraitu nahi izan dute, eta, horregatik, Don Inorrez taldearen kontzertua antolatu dute gaurko, egubakoitza; Zaldibar antzokian izango da hori. Emanaldia 22:30ean hasiko da, eta sarrerak bost eurotan eros daitezke emanaldiaren aurretik, leihatilan.

Bide Ertzean-en errautsetatik

2016an hartu zuten ibilbidea eteteko erabakia Bide Ertzean taldeko kideek, eta, ordutik hona, Imanol Ubeda abeslari tolosarra Don Inorrez proiektu berriaren bakarkako ibilbidea prestatzen aritu da. Hala, gaur aurkeztuko du, Eskoriatzan, Mugiro bila izeneko lehenengo diskoa.

Hain zuzen ere, Karlos Aranzegi bateria-jotzailea, Ruben Caballero gitarra-jotzailea eta Fernando Neira baxu-jotzailea izango ditu bidelagun oholtza gainean.

Kantu biziagoak

Musikari tolosarrak Cadizera jo zuen, Paco Loco ekoizle prestigiotsuaren estudiora, eta han grabatu du diskoa. Imanol Ubedaren ohiko kutsua nabaritu arren, kantuek bestelako itxura dute lan berri horretan; indiepop kutsuko disko bizizale eta gitarrazalea eraiki du.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak