Domeka honetan, Zazpi elizateen martxa izango da Eskoriatzan. 30 kilometro inguru eta 1.988 metroko desnibela dituen bidea egingo dute martxara doazenek, eta aurtengoa bederatzigarren edizioa izango da.
Bi urtean behin egiten den martxa da, eta edizio bakoitzean ibilbidea aldatzen dute antolatzaileek. Hala, parte-hartzaileek elizate guztiak zeharkatuko dituzte, 07:00etan, Fernando Eskoriatza plazatik hasiko den ibilaldian.
Aurreikuspen onekin
Edorta Barandiaran Zazpi elizateen martxa-ren antolatzaileetako bat da, eta parte-hartze handia aurreikusten du domekarako: "Elizateen martxak bederatzi urte egingo ditu aurten. Lehenengo hiru edizioetan, urtero egin zen, baina TxikirriTxikirri martxa zela… bi urtean behin egitea erabaki genuen, prestakuntza lanak ere hobeto egiteko. Ekimena, bestalde, Jose Manuel Crespok sortutakoa da, eta beste hainbat herritarrok ekimenarekin jarraitzea pentsatu genuen, hasiera batean, berari antolaketa lanetan laguntzen hasita… Iaz, esaterako, 70 pertsona inguruk egin genuen ibilbidea; duela lau urte, bikoitzak; eta aurten ere, eguraldia lagun badugu, behintzat, 120 lagun inguru batuko garela uste dut".
Gogorra, baina ederra
Ibilbidea honako hau izango da: Fernando Eskoriatza plaza, Bolibar, Mendiola, Gellao, Apotzaga, Marin, Zarimutz, Mazmela, Fernando Eskoriatza plaza.
San Adrianen, bestalde, hamarretakoa izango da parte hartzen dutenentzat: salda, txistorra, fruta eta fruitu lehorrak, besteak beste. "Ibilbidea egitera doanak, bestalde, prestakuntza pixka bat beharrezkoa duela esango nuke nik. Hala ere, Eskoriatzako zazpi elizateak eta bide ezberdinak ezagutzeko aukera aproposa dela uste dugu. Hasiera batean, asfaltoa ahalik eta gutxien erabili nahiko genuke, baina leku batzuetan ezinezkoa izan dugu hala egitea".
Parte hartzeko deia herritarrei
Ez dago izena eman beharrik martxan parte hartzeko; beraz, domekan 07:00etan plazan agertzea nahikoa izango da. Hala, antolatzaileek herritarrei gonbidapena egin nahi diete, Eskoriatzako elizateak ezagutzeko aukera emanda: "Ibilbide ederra da, eta herriko txoko eta bide ezberdinak ezagutzeko aukera ematen du. Beraz, anima daitezela herritarrak zein herriko elizateak ezagutu nahi duen edonor martxan parte hartzera".