Atxorrotx Kultura Elkartearen eguna ospatu dute, euriari izkin eginez

Iker Oñate 2018ko mai. 13a, 16:50

Atxorrotx Kultura Elkarteak zapatuan ospatu du bere eguna. Era askotako ekintzak izan dituzte. Hori bai, egitaraua moldatu beharra izan dute euriaren eraginez.

Egun osoko egitaraua izan zuten eskoriatzarrek atzokoan, Atxorrotx Kultura Elkartearen egunean. Askotariko ekintzak, eguna girotzeko helburuz. Eta eguraldiak lagundu ez bazuen ere, ez zen ospakizunik falta izan; euriari izkin egitea zen kontua. Hain zuzen ere, bertan behera utzi behar izan zituzten zenbait ekintza –puzgarriak eta bazkideen talde argazkia–. Eta lekuz aldatu zituzten beste hainbat.

Gauzak horrela, txistularien kalejirarekin eman zioten hasiera egitarauari; taloak dastatzeko aukera izan zen bitartean. Eta bestelako ekintzak izan zituzten ostean: paella-jana –60 lagun inguru batu zituen hitzorduak–, Iker Laurobaren eta Leire Berasaluzeren kontzertua zein Guda Dantza musika taldearen emanaldia, besteak beste. Inkernu kanpoan egin gura zituzten horiek, baina, eguraldiak eraginda, kontzejupera lekualdatu behar izan zituzten ekintzok. 

"Oro har, esan dezakegu pozik gaudela atzoko egunarekin. Eguraldiak lagundu ez zuenez, aurreko urteetan baino lagun gutxiago elkartu ginen. Hori bai, giro ederra sortu zen", azaldu dute Atxorrotx Kultura Elkartetik.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak