Atxorrotx Kultura Elkartearen eguna zapatu honetan ospatuko da, eta egitarau zabala prestatu dute elkarteko kideek, Inurrien antzera, pauso txikiz aurrera lelopean. Ekintza guztiak Fernando Eskoriatza plazan, Inkernu taberna kanpoaldean, eta Inkernun bertan izango dira, eta, urtero ohikoa den moduan, musikak garrantzia azpimarragarria izango du egunean.
Eguna hasteko, puzgarriak izango dira txikienentzat, eta ostean, txistularien kalejira izango da. Horrekin batera, Eskoriatzako Talogileak taldekoek prestatutako talo goxoak jan eta sagardoa edateko aukera izango da. Ostean, Atxorrotx Kultura Elkarteko bazkideen talde argazkia aterako dute. Honela adierazi du Iñaki Kortazarrek, elkarteko kideak: "Gaur egun, 110 bazkide inguru ditu elkarteak, eta guztiei bidali dizkiegu bertaratzeko gonbidapena. Ez dakit denok batuko garen, baina gehienek etorriko direla konfirmatu dute".
Bazkaritarako, paella
Bazkaria Inkernu taberna kanpoaldean egingo dute, eta 70 pertsona inguru batuko direlakoan daude. Bazkalostean, berriz, kontzertu akustikoa izango da Iker Laurobaren eta Leire Berasaluzeren eskutik. Gero, buruhandiak izango dira, ondorengo kontzertua prestatzeko. Izan ere, Guda Dantza taldearen emanaldia izango da; duela gutxi atera duen diskoko kantuak eskainiko ditu. 22:00etan, berriz, kilo bat ziza zozketatuko dute, eta, eguna amaitzeko, DJ Parrucho izango da Inkernun.
Errekan Gora prestatzen
Atxorrotx Kultura Elkartekoek adierazi dutenez, aurtengo Errekan Gora jaialdiko emanaldiak bi hilabetean egin nahi dituzte, uztailean bakarrik egin beharrean. "Uztailean ekimen kultural asko daude, eta programazioa uztailean eta irailean egitea pentsatu dugu".