Aurtengoa lehen edizioa izan da, alebin eta benjamin mailetako neska-mutikoei zuzenduta. 8-10 laguneko taldeetan banatuta, alebinetako bost talde eta benjaminetako zortzi talde batu ziren pasa den asteburuan, Euskal Herri osotik etorritakoak.
Balorazio positiboa
Antolatzaileen esanetan, arrakastatsua eta errepikatzeko moduko txapelketa izan da. Hauxe adierazi du Aratz Kortazarrek, areto futbol eskolako koordinatzaileak: "Aurtengoa lehenengo edizioa izan da, eta, izan duen harrera ikusita, datorren urtean ere antolatuko dugulakoan gaude. Izan ere, gure kasuan, maila honetako gaztetxoentzat ez dago ligarik, eta lagunartekoak soilik jokatzen dituzte. Txapelketara etorri zirenak, aldiz, lehiatzen dira, eta euren artean areto futbolaren gainekoak ikasteko eta alor horretan pauso bat emateko hitzordua izan zen. Manuel Muñoz kiroldegian eta Luis Ezeiza Herri Eskolako kantxan aritu gara asteburuan, eta Euskal Herriko herri ezberdinetatik etorri dira gaztetxoak gurera. Gustura aritu dira, eta eskerrak eman nahi dizkiet bertaratu ziren guztiei: txapelketan lehiatu ziren haurrei, eta baita animoak ematera etorri ziren familiakoei eta areto futboleko zale guztiei."
Areto futbola indartu
Azkenaldian, pauso handiak ematen ari dira Eskoriatza Kirol Elkarteko kideak areto futbola gaztetxoen artean sustatzeko asmoz, eta lan horretan jarraituko dutela adierazi du Aratz Kortazarrek: "Euskal Ligan, ohorezko mailan… lan handia egiteko daukagula uste dut, baina txikienen artean, eskola kirolean, erraztasun gehiago behar ditugula uste dut…".