Urtero moduan, ohiturari jarraituz, Eskoriatzako Atxorrotx eguna ospatuko dute eskoriatzarrek maiatzeko lehenengo domekan; hau da, etzi.
738 metro dituen tontorrera igoko dira herritarrak. Gurutze Santuaren ermita bisitatu, mokadutxo bat jan eta goiza bertan pasatu ostean, Fernando Eskoriatza plazan jarraituko du festak arratsaldean.
Eskoriatzako Udalak eta Atxorrotx GKEk antolatutako jaia goizeko bederatzietan hasiko da, txistularien dianarekin. Hain zuzen ere, herritarrak esnatu, eta Atxorrotxera joateko dei egingo dute. 10:30 aldera Atxorrotxera igoko dira herritarrak, eta, horretarako, hainbat aukera izango dituzte; izan ere, bide ezberdinetatik igo daiteke Atxorrotxera: batzuk herrigunean hasi eta zementuzko bidean gora joango dira; beste batzuk, aldiz, Bolibar auzoan bira eginez. Horiek dira ohiko bideak, baina izango dira Leintz Gatzagako Dorleta santutegian gora joango direnak, edo Zapatei baserrian gorako bidea hartuko dutenak. Hala, iristen diren guztiek mokadutxo bat jan eta zerbait edateko aukera izango dute, Atxorrotxen taberna jarriko dute eta.
Kanpaiak jo, ekaitzak uxatzeko
Behin tontorrera iristean, Gurutze Santuaren ermitako kanpaiak jotzeko ohitura dute askok, eta, seguru asko, goiz osoan entzungo dira kanpai hotsak. Gainera, bertako kanpaiak joz gero ekaitzak uxatzen direla esaten duenik ere badago.
Horrez gain, Atxorrotxeko tontorrera igotzen diren haur gehienek sartu-irtenak egingo dituzte kobazuloan, elkarri sustoak eman…
Eguerdi aldera, herrigunerantzago bidea hartuko dute bertaratutakoek, eta antolakuntzak eskatu du jaitsi aurretik nork bere zakarrak jaso ditzala, eremu osoa ahalik eta garbien geratzeko. Bazkalostean, Fernando Eskoriatza plazan jarraituko du Atxorrotx egunaren ospakizunak.
Dantzarako aukera arratsaldean
Arratsaldeko seietan, herritarrek eramandako tortilla-pintxoak salduko dituzte, eta, mokadutxoari laguntzeko, Unai Iñurrategi eta Imanol Intxausti trikitilari eta pandero-joleek girotutako erromeria izango da.
Egitarua
• 09:00 Diana, txistulariekin.
• 10:30 Atxorrotxera igoera.
• 11:00 Meza. Fernando Eskoriatza plazan
• 18:00 Herritarrek egindako tortilla-pintxoak salduko dira plazan.
• 18:00 Erromeria Unai eta Imanol trikitilari eta panderojolearekin.
Oharra: Atxorrotxen jarriko den tabernan eta plazako tortillen salmentan ateratako dirua Atxorrotx GKEk bere proiektuetarako erabiliko du.