Irlandako istorio bat kontatuta zabaldu zuen aurkezleak ekitaldia, eta Molly neskatilaren kontakizunarekin hasieratik harrapatu zuen Zalldibar antzokian bildutakoen arreta. Beheko Errota musika eskolako ikasleak gonbidatu zituen segidan agertokira igotzeko, eta elkarrekin eskaini zuten Benan eta begigorri munstroa izeneko kontakizun musikatu ederra.
Ekitaldia borobiltzeko, aurten bosgarren aldiz egin duten Ezagutuz ulertu eta ulertuz maitatu lehiaketako sariak banatu zituzten. 57 lagunek hartu dute parte oraingoan, eta epai-mahaikideen esanetan, "erabakia kostata hartuta", Aroa Garro eta Olaia Balbas izan dira irabazleak.
Maiatzaren 2an, eguaztena, Hemen Debagoiena telebista saioan eskainiko da ekitaldiari buruzko erreportajea.