Bigarren eskuko liburuen azoka
Gaurtik maiatzaren 5era bitartean, bigarren eskuko liburuen azoka izango da bibliotekan. Jasotako dirua beharrak dituzten herriko umeei eskolako materiala erosteko erabiliko da, eta horien prezioa honako hau izango da: helduen liburuak euro bat eta haurrenak, 0,5 euro. Horrekin batera, apirilaren 27an, Zaldibarren ere egingo dute azoka.
Apirilaren 26an, eguenean, berriz, ipuin kontaketa izango da Pello Añorga irakasle, ipuinkontalari eta idazlearen eskutik. 18:00etan izango da, bibliotekan, eta 4 urtetik gorakoentzat eskainiko du.
Musika eta irakurketa
Apirilaren 27an, egubakoitzean, hainbat ekintza izango dira Zaldibar antzokian. 18:30ean, bigarren eskuko liburuen azoka egingo dute, eta, horren ondoren, Beenan eta begigorri munstroa izeneko saioa eskainiko dute Beheko Errota musika eskolakoek, ipuin musikatu eran.
Eguna amaitzeko, aldiz, azkeneko urteetan arrakasta handia izan duen Ezagutuz ulertu eta ulertuz maitatu lehiaketaren sari banaketa izango da. Ikastetxeetako haurrek beraien aitona-amonen biografiak idatzi dituzte, eta irabazleei sariak banatuko dizkiete. Hain zuzen ere, irabazleek, irakurketa egingo dute euren aitona edo amona aurrean dutela. Amaitzeko, aurkezle arituko den Dorleta Kortazarrek ipuin kontaketa txiki bat egingo du.