Eingeinke Elkarteak Eskoriatzako Udalaren laguntzarekin antolatutako jaia da Udaberritxotx!, eta apirilaren 21ean, zapatu honetan, ospatuko da. Izan ere, udaberriari ongietorria egiteko jaia herri osoa elkartzeko asmoz antolatu dute Eingeinkekoek, eta, bide batez, euskara sustatzea dute helburu. Horretarako, ekintza ugari izango dira egun osoan.
Sagardo mota ugari
Egun berezi hori hasteko, 13:00etatik aurrera, Astigarragako eta Aiako hainbat sagardo mota probatzeko aukera izango da, Fernando Eskoriatza plazan: Astigarragako Artola, Bereziartua, Etxebarria, Petritegi eta Aiako Izeta sagardoak, hain zuzen ere. Gainera, horiek probatzen laguntzeko, pintxoak izango dira, eta alkoholik hartu nahi ez dutenek, berriz, sagarzukua edateko aukera izango dute.
"Bazkarirako 60 txartel soilik genituen salduta egubakoitzerako, eta dagoeneko 230 saldu ditugu, uste baino askoz gehiago. Horrez gain, herri osora zabaldutako jaia denez, auzolanean, laguntasuna ere eskatu nahi dugu, zikindutakoa jasotzeko bazkalostean…", adierazi dute Eingeinke elkarteko kideak.
Eingeinke suspertzeko asmoz
Eingeinke elkarteko ekintza kopurua jaisten joan da urteen poderioz. Hala, horri buelta emateko, elkartea kide berriekin sendotu dute, eta aurrelan sendoa egiten ari dira urte hasieratik hona, ekintza berriak gauzatzeko. Hori horrela, etapa berriari hasiera emateko antolatu dute Udaberritxotx! jaia.
Egitaraua
Herriko plazan
• 13:00 Sagardo dastaketa eta pintxoak.
• 15:00 Herri bazkaria.
• Ostean, Bertsolariak.
• 18:00 Aulki-joko erraldoia.
• 19:30-21:00 Bide Batez erromeria taldea.
• 22:00 Erromeriak jarraituko du.
Inkernu tabernan