'Ergela' lana, komediaz eta misterioz betea

Imanol Beloki Unamuno 2018ko api. 13a, 10:14

Txalo Produkzioek ekoitzitako antzezlana aurkeztera etorriko dira domekan Joseba Apaolaza eta Sara Cozar euskal aktore ezagunak. Interpretatuko duten lana, berriz, 'Ergela' izenekoa da, eta 19:00etan izango da, Zaldibar antzokian.

Ergela antzezlana taularatuko dute domeka honetan Zaldibar antzokian. Joseba Apaolaza eta Sara Cozar aktore euskaldunak igoko dira oholtzara Txalo Produkzioek ekoitzitako antzezlana aurkeztera. Emanaldia 19:00etan hasiko da eta sarrerak leihatilan erosi ahal izango dira egunean bertan, lau eurotan, saioa hasi aurretik, edo prezio berean aldez aurretik, Manuel Muñoz kiroldegian.

Proba psikologiko batzuetara aurkeztu da protagonista –Joseba Apaolaza–, egunkari baten irakurri duen iragarki baten bidez, diru pixka bat irabazteko asmoz. Arazo ekonomikoak konpontzeko diru erraza irabaztekotan joan da, baina tranpa eta iruzurra aurkituko ditu ordainetan. Psikologo misteriotsu batek –Sara Cozar– galdera sorta tranpatia egingo dio, urduritasunak jota utzi arte. Halabeharrez, bere onenak eman beharko ditu zoritxarreko amaierarik gerta ez dadin.

Komediaz eta misterioz betea

90 minutu inguru izango dituen antzezlana Jordi Casanovasek sortutakoa da, eta Begoña Bilbao da zuzendaria. Txalo antzerki taldearen funtzio horrek komedia eta thriller-a edo misterioa nahasten ditu; izan ere, trama guztiz ezinezkoak jarriko ditu jendaurrean, baina aldi berean sinesgarria ere bada, eta drama ere baduela esan daiteke, ikuslea entretenitzeko eta euren arreta pizteko solasaldiz betea dago eta.

Helburu ugariko antzezlana

Sara Cozar aktoreak psikologo maltzurraren eta bihozgabearen papera hartuko du Ergela lanean eta Joseba Apaolazak, berriz, pertsonaia patetikoarena. Ibilbide luzea duten aktoreak dira, eta nork bere papera bikain egiten duena oholtzan. Nolabait, gizartea kontrolatu eta manipulatzen dutenek nolako ahaleginak egiten dituzten kontrolatzen jarraitzeko izango litzateke obraren esanahia, edo jendeari ikusarazi nahiko diotena protagonistek antzerki obra horretan.

Horrekin batera, ikusleari pentsaraztea du helburu obrak; enigmak eta asmakizunak daude, eta, nolabait, ikus-entzuleak obraren barruan sartzeko helburua du Ergela lanak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak