Larraitz Iparragirre eskoriatzarra Guatemalan bizi da, eta apirilean Euskal Herrira etorriko da. Bisitaldia aprobetxatuta hainbat ikastaro emango ditu, eta horietako bat Eskoriatzan bertan egingo du, txotxongilo animazioaren ingurukoa, hain zuzen ere.
Gautemalan, bere bikotekidearekin batera, La Charada Teatro txotxongilo eta antzerki konpainia sortu zuen 2007an, txotxongilo-antzerkia biziberritu, zabaldu eta lengoaia berriak arakatzeko helburuarekin. Hala, apirilaren 14an, txotxongilo animazio tailerra eskainiko du euskaraz, Eskoriatzako kultura etxean, 10:00etatik 14:00etara bitartean.
Gazte eta helduei zuzenduta
Askotariko teknikak ikasteko aukera izango den ikastaroa, gazteendako eta helduendako da. Interesa duen 16 urtetik gorako guztientzat zuzenduta egongo da eta Udaletik adierazi dute, bereziki interesgarria izango dela aisialdiko hezitzaile eta begiraleentzako, hezkuntza formaleko irakasleentzako, gizarte lanetan dihardutenentzako eta baita gurasoentzako ere. Prezioa, berriz, 10 eurokoa da, eta izenematea, kultura etxera joanda, edo 943 71 46 88 telefono zenbakira deitura egin daiteke.
Teknika asko ikasteko aukera
Txotxongiloei dagokienez, askotariko teknikak erabiltzen dituzte, esaterako gorputz txotxongiloak, zuzeneko animazio saioak, txotxongilo-antzerki tradizionala, eskularruekin egindakoak... Antzinako arte eszeniko horren funtsak ezagutu eta goiz atsegin bat pasatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Ibilbide luzeko konpainia
La Charada Teatro txotxongilo eta antzerki konpainiak, Latinoamerika zabaleko hainbat eskolatan, plazatan eta antzokitan aurkeztu ditu euren lanak, baita nazioarteko zenbait jaialditan ere. Egin dituzten lanen artean honakoak daude besteak beste: Cuentos al derecho y al revés, El Amor y la Locura, Cuentos Cortos para Niños Largos, Covers, eta Los Tres Cochinitos y el Lobo Petroff.
Istorio txikiekin jasotako saria
2010. urtean BreVarios taularatu zuten eta lan horrekin Monterrey –Mexiko– hirian ospatutako Nuevo Leoneko antzerki jaialdian aipamen berezia jaso zuten. Txotxongiloekin, fantasiazko unibertso ezberdinen istorio txikiak kontatzen dituzte, eta narrazio gabeko obra bat da