Martxoaren 10ean, Guadalajaran jokatu zen 2018ko Espainiako Kenpo txapelketa, eta Eskoriatzako Atama taldekoek lan bikaina egin zuten bertan. Izan ere, urrezko batekin, lau zilarrezkorekin, eta brontzezko domina batekin etorri dira bueltan etxera.
Espainia mailan jokatzen den urteko ekitaldi garrantzitsuena da txapelketa hori; izan ere, talde autonomiko ezberdinak batzen dira bertan, hainbat lurraldetako kirolariekin, federazioa defenditzeko asmoz.
Orotariko kategoriak
Aurten gauzatu den txapelketan 150 parte-hartzaile batu dira Espainiakoan, eta kategoria ezberdinetan lehiatzeko aukera izan da: kata, defentsa pertsonala, puntukako borroka, borroka jarraia, eta lehen aldiz jokatu den fullkenpo izaneko modalitatea. Azken borroka mota honetan gorputz osoaren kontaktua izaten da, eta eraispenak, proiekzioak eta lurreko borroka bermatzen ditu. Borrokaz gain, erretiro edo balizko ekintzetako puntuen, argi eta ongi exekutatutako kolpeen edo lurreko inmobilizazioen bitartez ere irabazi daiteke.
Leire Rato, txapeldun
Atama taldeko ordezkaritzari dagokionez, lan txukuna egin zuten txapelketan. Leire Ratok, urrea lortu zuen fullkenpo modalitatean, eta hala, Espainiako txapeldun berria da. Horrez gain, borroka jarraiko –semicontacto continuo– modalitatean Espainiako txapeldunorde izan zen. Argitxu Zubillagak, berriz, Espainiako txapelketako hirugarren postua lortu zuen borroka jarraiko modalitatean eta brontzezko dominarekin itzuli zen etxera.
Denbora gutxian, lan bikaina
Mikel Beloki eskoriatzarra, Espainiako txapeldunorde izan zen puntukako borrokan, borroka jarraian eta fullkenpo modalitatean zilarra lortuz. Espainiakoan lortutakoarekin pozik agertu da Beloki: "Iaz hasi nintzen kenpoan, eta lesio baten erruz urte erdi egon naiz geldi. Gogor entrenatu dut, eta pozik nago lortutakoarekin. Datorren urtean, urrea lortzea da nire helburu nagusia. Ekainaren 2tik 4ra, berriz, Reusera joango naiz, lehen aldiz, MMA modalitatean lehiatzera".