Zutuberrak lana ikusteko aukera izango da domeka honetan Eskoriatzako Zaldibar antzokian, 17:00etan. Galder Perezek zuzenduta, eta Olatz Pagalday eskoriatzarrak eta Jon Zubiaga Osoron arrasatearrak antzeztuta, alor ezberdinak uztartzen dituen lana da.
Eidabe antzerki taldearen lanak ordubeteko iraupena izango du, dibertigarria da, umorez betea; familian ikusteko antzezlana. Hauxe adierazi du Olatz Pagaldayk, Zutuberrak antzezlaneko protagonistak: "Gabonetan, Bilbon estreinatu genuenetik hona, bailaran, Oñatin soilik izan gara, eta domeka honetan, berriz, Eskoriatzan ikusteko aukera izango da. Jendea gustura ikusten dugu saio guztietan, eta gu ere horrelaxe gaude. Azkenaldian, egokitzapenak egin dizkiogu antzezlanari, eta, agenda beteta daukagunez, hori seinale ona da".
Hizkuntzaren balioa
Zutuberrak lanean, hizkuntzaren balioa teknologiaren bidez kontatuko da. "Fikziozko leku baten gertatzen den istorioa kontatuko dugu, gertuko etorkizun batean, Black Mirror izeneko telesailaren antzera, modu batean esanda. Bi gazte jolasten hasten dira txip aukeraketa egitera; hau da, edertasunaren txipa, abiadurarena, indarrarena… aukeratuko du protagonista bakoitzak, eta jolasak egoera ezberdinetara eramango ditu; betiere, hizkuntza oinarri hartuta".
Puntako teknologiaz beteta, gizakiaren eta naturaren hain urrun dagoen giro batean, hizkuntzaren gainean hitz egiten da, ama-hizkuntzaren, euskararen, gainean. "Kontraste hori oso polita da".
Baliabideak
Antzeztokian hainbat pantaila jarrita, argiak erabiliko dituzte, eta teknologia aurrerakoi kutsuarekin beteko dute oholtza. Horrez gain, kantu ezagunen bertsioak egingo dituzte, eta bideoklip bat ere izango da, Maixa Mc Bilboko rap kantariak egindakoa.
Bailarako hurrengo saioak
Domekako saioaren ostean, Zutuberrak Arrasaten eta Antzuolan ere ikusteko aukera izango dela aurreratu du Pagaldayk.