Senior mailakoek liderra hartuko dute, etxean

Imanol Beloki Unamuno 2018ko mar. 2a, 11:38

Eskoriatzako areto futboleko senior taldea, partidu baten aurretik.

Eskoriatzako areto futboleko emakumezkoek, denboraldia amaitzeko sei partiduren faltan, liderrari irabazi nahi diote, orain arteko emaitza txarrei buelta emateko. Partidua zapatuan izango da, Manuel Muñoz kiroldegian, 16:30ean.

Eskoriatzako areto futboleko senior mailakoek Lauburu Ibarra taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak, zapatuan, Manuel Muñozen, 16:30ean. Aurkariak liderrak dira, eta Eskoriatzako neskek irabazi beharra daukate, azken boladan izan dituzten emaitza txarrei buelta emateko.

Honela adierazi du Ander Romero entrenatzaileak: "Azken partidua Idiazabalen –bigarrena sailkapenean– aurka jokatu genuen, etxetik kanpora, eta, 3-1 galdu arren, taldea sortu zenetik jokatu dugun partidu onena izan zen; beraz, liderraren aurka garaipena lortzeko prest irtengo gara kantxara".

Berdinketa hausteko partidua

Txapelketan zazpi talde daude lehian, eta hiru itzuli egiten dituzte denboraldian zehar. Hain zuzen ere, lehenengo itzulian, 2-1 irabazi zuten, etxean, Eskoriatzako neskek, Laubururen aurka. Bigarren itzulian, 4-1 galdu zuten kanpoan, eta asteburu honetako partidua berdinketa haustekoa izango da. Sei jardunaldiren faltan, puntuak behar ditu etxeko taldeak, sailkapeneko lehen lau postuen barruan geratzeko, eta hori izango da hemendik eta denboraldi amaierara begirako erronka nagusia.

Bigarren buelta eskasa

Senior mailakoak lidergoan izan dira denboraldi honetan, baina bigarren itzuli txarra egin dute; izan ere, bi puntu bakarrik batu dituzte tarte horretan. Hala ere, taldea sendo eta gogotsu dagoela adierazi du Ander Romerok: "Txapelketako talde onenen aurka hobeto jokatzen dugu txarragoen kontra baino. Horrez gain, astean zehar, entrenamenduetan oso ondo ikusten ditut taldekideak, baina partiduetan ez gara oso fin aritzen. Edozelan ere, denboraldia bukatu arte, gogo guztiarekin arituko gara lanean".

Euskal Ligakoak, garaipen bila

Euskal Ligako Eskoriatzako gizonezkoek, berriz, Mahastiak Labastidaren aurka jokatuko dute, emakumezkoen partidua amaitzen denean, 18:30ean. Azken bi jardunaldietan garaipena lortu dute, eta aurkaria talde zaila izan arren, hiru puntuak eskuratzera irtengo dira.

Gazteak ikusteko, autobusa

Ohorezko gazteek Valle del Ebro taldearen aurka jokatuko dute, zapatuan, Logroñon, 16:30ean. Eta autobusa antolatu dute bertara joan nahi duenarentzat. Informazio gehiago, 646 94 28 66 telefonora deituta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak