Eskoriatzako Udalak eta Txirikila Aisialdi Elkarteak elkarlanean, Aste Santuko lehenbiziko egunetarako, haurrentzako aisialdi eskaintza programa berezia antolatu dute, egun horietan oporrez disfrutatzeko. Hala, kirol ekintzak, sukaldaritza, igeriketa, jolasak, erronkak eta gisa horretako ekintzak egingo dituzte.
Haurrentzako oporraldia
Oporraldia 6 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago (LH1etik LH6ra bitartekoak), eta 10:00etatik 13:00etara bitartean gauzatuko dira ekintzak, Fernando Eskoriatza plazatik abiatuta. Izen-ematea kultura etxera edo Tortolis ludotekara joanda egin beharko da, honako ordutegi honetan: kultura etxean 09:00etatik 14:00etara eta Tortolis ludotekan 17:00etatik 19:00etara, astelehenetik egubakoitzera bitartean. Izena emateko epea martxoaren 5etik 20ra bitartekoa da, eta, horretarako, izen-emate fitxa beteta eta inskripziorako diru-sarrera fitxa beteta eraman beharko dira. Bi fitxak ludotekan edo kultura etxean eskuragarri izango dira, eta oporraldirako prezioa 20 eurokoa da haur bakoitzeko.
Iazko dinamika bera
Maialen Lete Tortolis ludotekako begiraleak adierazi duenez, iazko dinamika bera erabiliko dute aurtengo oporraldirako. "Iaz haurrek eman ziguten erantzuna kontuan hartuta, dinamika bera erabiliko dugu, baina ekintzak herrian zentratuta egongo dira".
'Gaztekonkis', misterioz beteta
Aretxabaleta eta Eskoriatzako gaztelekuek elkarlanean, berriz, nerabeentzako abentura lehiaketa antolatu dute, Gaztekonkis izenekoa, aurtengoa misterioz beteta egongo dena. Martxoaren 26an bidaia misteriotsu bat egingo dute eta egun osoan zehar probak gainditu beharko dituzte. Hilaren 27an, berriz, Scape room erraldoia egingo dute.