Fagor Ederlan Taldeak bi lantegi inauguratu ditu Mexikon

Itziar Larrañaga Sarasola 2018ko mar. 1a, 10:53

Automobilgintzako osagaien fabrikaziorako bi planta berri ireki ditu Fagor Ederlanek San Luis Potosin. Jakinarazi dutenez, proiektu bietan egindako inbertsioa 80 milioi eurotik gorakoa izan da, eta 350 langile inguru daude.

Mexikon kokatzen diren planta berriekin, txasis eta powertrain-eko osagaien eskaintza osatuko da, erantzun globala behar duten produktuei zerbitzu aproposa emanez. Izan ere, Fagor Ederlanetik jakinarazi dutenez, Europan, Asian eta Hego Amerikan "jada sendotuta" daukate eskaintza, eta orain, Ipar Amerikan kokatzen diren lantegi berriekin zerbitzu globala osatuko da.

80 milioi euroko inbertsioa

Gisederlan S.A de C.V. eta Fagor Ederlan México S.A de C.V. ekoizpen plantetan egindako inbertsioa 80 milioi eurotik gorakoa izan da, eta 350 langile inguru daude lantegi bietan. Gainera, baliteke planta horiek handitzea: "Mexikoko filialak ondo dabiltzanez, haien ahalmena handitzeko aukera planteatu da, ekoizpen instalazioak ia erabat saturatu baitituzte", jakinarazi dute Fagor Ederlan Taldetik.

Gisederlan S.A de C.V.

Inauguratutako lehen ekoizpen planta, Gisederlan S.A de C.V., Fagor Ederlan Taldeak eta Grupo Industrial Saltillok (GIS) izenpetutako lankidetza hitzarmenaren emaitza da. Lantegi horren asmoa da Ipar Amerikako automobilgintzaren sektorearen premiei erantzutea, eta alde bien burdinazko produktuen eskaintza osatzea ahalbidetuko du.
Joint venture-ak 3 milioi eta erdi unitate mekanizatu ekoizteko ahalmena dauka eta burdinazko segurtasun osagaiak fabrikatzen ditu nagusiki, hala nola portamangetak, balazta diskoak, kutxa diferentzialak eta inertziako bolanteak besteak beste, gama altuko ibilgailuetarako disko bimetalikoen mekanizazioan eta muntaketan nabarmenduta.

Fagor Ederlan México S.A de C.V.

Inauguratutako bigarren plantak, Fagor Ederlan México S.A de C.V.-k, aluminiozko esekidurako portamangetak fabrikatzen ditu, premium bezero globalentzat.

Gaur egun 280 pertsona inguruko lantaldeak dauka eta urtean 2 milioi burdinurtuzko osagai eta osagai mekanizatu fabrikatzeko ahalmena dauka. Fagor Ederlan horrelako osagaien merkatuan liderra izatera eraman duten teknologia eta prozesu berberak erabiltzen ditu lantegiak.

Inaugurazio ekitaldian Mexikoko eta Euskal Herriko agintari ugari egon dira, San Luis Estatuko garapen ekonomikoko idazkaria den Gustavo Puente Orozcok eta Euskadik Mexikon duen ordezkari Ibon Mendibelzuak gidatuta. Inaugurazio ekitaldietan parte hartu dute eskualdeko eragile ekonomiko nagusien ordezkariek, Fagor Ederlan Groupeko eta GISeko administrazio organoetako zuzendari eta kideek, bai eta erakunde bietako langileek ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak