Bertan, harmailen atzeko gunea handitu egin dute; hala, gimnasioaren azalera bikoiztu egin da. Bizikleta estatikoak, korrika egiteko aparailuak eta eliptikoa egitekoak jarri dituzte bertan. Horrez gain, beiratea jarri dute, kantxatik datorren zaratatik babestuta egoteko eta kirola lasai egiteko.
Lanak atzeratu egin dira
Egin beharreko lanen atzerapenaren ondorioz, aurreikusitako prezioa baino gutxiago ordainduko dio Udalak lanak gauzatu dituen enpresari. Hala, aurreztutako dirua beste lan batzuk egiteko erabiliko dute. Honela adierazi du Hirigintza eta Mugikortasun batzordeburu Josu Ezkurdiak: "Leihoa jartzean arazoak izan dira, eta horregatik iraun dute hainbeste lanek, nahiz eta urtarriletik erabilgarri egon den gunea. Hala ere gauza txiki batzuk geratzen dira, beiratean biniloak jartzea esaterako".
Aurreztutako diruaz lan gehiago
"Aurreko aldian egin genuen moduan, kiroldegiko erabiltzaileei inkesta bat pasako diegu otsail edo martxo aldera, kiroldegiko beharrak zeintzuk diren jakiteko, eta apirilean hartuko dugu erabakiren bat. Batetik, spinning gela biltegi batean egokitzea izan daiteke aukera bat, orain mini-frontoian egiten delako, eta, bertan aire giroturik ez dagoenez, kexak izan dira. Bestalde, harmailen atzeko gunerako makinak erostea ere aukera bat izan daiteke…".
Muskulazio aparailuak behean
"Gimnasio gelako aparailuak espazio berrira eramatekoak ziren hasiera batean, baina etorkizunean aparailu berriak jarri nahi direnez, beheko gelan mantenduko dituzte oraingoz.
Taberna, kantxa aldera
Egokitzapen lan horiekin, kiroldegiko barra kantxa aldera jartzea erabaki dute. Hain zuzen ere, bertan lanean daudenek jokoan zer gertatzen den ikus dezaten, eta baita zerbait hartzera doazenek ere bertatik partidua ikusteko.