Mikel Alkaide: "Gure dinamikan, 'talde' hitza ondo islatzen da"

Imanol Beloki Unamuno 2018ko ots. 22a, 16:04
Mikel Alkaide Eskoriatzako areto futboleko ohorezko gazteen entrenatzailea.

Eskoriatzako taldea denboraldi aparta egiten ari da, hirugarrenak dira sailkapenean, eta 200 inguru zale batzen dira harmailetan haiek jokatzen dutenean.

Mikel Alkaide Eskoriatzako areto futboleko ohorezko gazteen entrenatzailea da, eta denboraldi honetan egiten ari den lan onaren errepasoa egin du.

Denboraldi bikaina aurtengoa, ezta?

Kategoria berria da guretzat, eta gustura ari gara. Egiten ari garen lanaren emaitza oso ona izaten ari da; izan ere, hirugarren postuan gaude, 29 punturekin. Aurretik, bigarrenean, Xota dago, 33rekin, eta liderra, berriz, Castro Urdiales da, 36 puntu dituena.

Harmailak inoiz baino beteago daude; zer dela eta?

Omar Martin bideoak grabatzen aritzen da, eta sare sozialetan egiten duen lana oso ona da. Astebururo, 250tik gora ikusle izaten ditugu kiroldegian, eta gu ere harrituta geratu gara. Gure taldeaz gain, areto futbolarentzat, orokorrean, aberasgarria da.

Zein zen denboraldi hasieran markatutako helburua? 

Hasierako helburua lan ona egitea zen, gauza berriak lantzea, eta lehen taldera saltoa egiteko prestatzea. Gazteen mailan hiru urte dira, 16 eta 19 urte bitarteko gazteak dira, eta, denboraldia nola joan den ikusi ostean, liderrarengandik ahalik eta gertuen geratzea da orain dugun asmoa. Horrez gain, gehiago ikastea, hobetzen joatea…

Epe laburrera, berriz, zein da zuen erronka? 

Apirilaren 21ean Xota taldearen aurka jokatuko dugu, etxean, eta harmailak 500 pertsonaz bete nahi ditugu. Andoni Moto delegatuaren eta Omar Martinen gauzak dira [Barre]. Xota lehen mailako filiala da, eta, Osasuna taldearekin akordioa sinatu berri, partidu erakargarria izango delakoan gaude. Bestalde, irrati edo irratsaio txiki bat egiteko proiektua ere badugu buruan, sare sozialetan taldea gehiago ezagutarazteko.

Orain arteko arrakastaren trukoa zein da: entrenatzaile onak izatea ala jokalarien jarrera? 

Denon lana da. Talde hitzaren esanahia oso ondo islatzen da gure dinamikan. Bakoitzak badaki zein rol daukan taldearen barruan, eta bakoitzak bere lana egiten du, bai guk, eta baita jokalariek ere. Beti daude prest jokalariak entrenamendu bat gehiago egiteko… edo dena delakoa egiteko. Sekreturik ez, eguneroko lana, eta denok batera aurrera bidean joatea.

Hainbat jokalari, gainera, Euskal Selekzioarekin, ezta?

Jokin eta Ander aurre-deialdian egon ziren Euskal Selekzioarekin. Eta gero, Espainiakora Jokin Rayo joan zen. Esperientzia aberasgarria, eta meritu guztia eurena izan zen. 

Pasa den astean liderraren aurka, galdu. Hurrengoa? 

Pena izan zen; irabaziz gero, eurengandik lau puntura jarriko ginen, baina ezin izan genuen irabazi. Asteburu honetan atsedenaldia izango dugu, eta sagardotegira joango gara. Eguneroko lana ondo dago, baina kantxatik kanpo ondo pasatzea ere ezinbestekoa da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak