Urtarrilean egindako astronomia tailerrak izandako arrakastaren ostean, otsailean beste tailer bat egitea erabaki du Udalak. Domekan izango da, 18:00etan, kultura etxean, eta, oraingoan, konstelazioak, izarrak eta planetak izango dituzte hizpide bertara doazen haurrek.
Konstelazioak zer diren eta izarrak, planetak, sateliteak nola identifikatu daitezkeen ikasiko dute tailerrera doazen haurrek. Gainera, euritako batean planisferio bat eraikiko dute, euripean izarrak ikus ditzaten.
Tailerra euskaraz izango da eta plazak mugatuak dira; horrenbestez, izena emateko epea plazak amaitu arte egongo da zabalik –oraindik aukera dago izena emateko–. Izen-ematea hamar euro da.
Haurrak, ikasteko irrikan
Lehenengo astronomia tailerra mikrometeoritoen gainekoa izan zen, eta arrakasta itzela izan zuen. Hala, Udalak hilero ikastaro bat antolatzea erabaki du, betiere, astronomia oinarri izanda, haurrek arlo ezberdinak aztertu ditzaten.