Urtero aldaketak izan ditu mozorro desfileak, eta azken urteotan ikusmin handiagoa piztu du herritarrengan; gainera, bertan parte hartzen duen talde kopurua gorantz doa. Hala, gauzak hobetze aldera, herritarrek espero eta nahi dutenari ahal den neurrian erantzuteko, Eskoriatzako Udalak bilera irekia deitu du astelehenerako.
Antolaketa plana
Udalak antolatutako bilera ireki horretan, mozorro desfilearen antolaketa eta lehiaketako oinarriak zehaztuko dira batzen diren guztien artean. Antolaketan, hain zuzen ere, desfilearen ibilbidea, hasiera ordua, parte hartzaileen hurrenkera, eta abar zehaztuko dira. Lehiaketaren oinarrietan, berriz, zenbat kategoria izango diren, zenbat sari, balorazio irizpideak zeintzuk izango diren, epaimahaikideak, eta abar zehaztuko dituzte, besteak beste.
Herri bazkarirako txartelak
Aratuste-zapatuko herri bazkarirako txartelak aste bukaera honetan hasiko dira saltzen, zenbat pertsona bertaratuko diren lehenbailehen aurreikusteko. Goxotxikin eta Inkernu tabernan izango dituzte herritarrek salgai.
Otsailaren 10ean Joseba Iñurrategi pilotalekuan egingo da bazkaria, urtero moduan, eta 14:30ean hasiko da. Bi menu egongo dira: bata, helduentzako izango dena, 16 eurotan, eta bestea, haurrentzakoa, 11 eurotan. Helduentzako menuak honako hauek izango ditu: patatak errioxar erara, txahal gisatua, San Markos tarta, edatekoa, kafea eta txupitoa. Haurrentzakoak, berriz: makarroiak txorizoarekin, oilasko-izterra txip-patatekin, natillak, ura eta freskagarriak.