Mikrometeoritoen mundua ezagutu guran

Imanol Beloki Unamuno 2018ko urt. 18a, 11:49
Haurrak mikroskopiotik begira mikrometeoritoen tailerrean. Virginia Garcia

Haurrentzako astronomia tailerra izango da domeka honetan, Eskoriatzako kultura etxean, 18:00etan. Zehazki, mikrometeoritoen gaia jorratuko dute bertaratzen direnek Aranzadi Zientzia Elkarteko astronomo Virginia Garciaren eskutik.

Eskoriatzako Udalaren Kultura Departamentuak antolatuta, astronomia tailerra izango da domeka honetan 8 eta 13 urte bitarteko haurrentzat. Zehazki, mikrometeoritoen gaia landuko dute bertaratzen diren haurrek, Aranzadi Zientzia Elkarteko Virginia Garcia astronomoaren eskutik.

Tailerra 18:00etatik 20:00etara bitartean izango da, eta kontzeptu edo fenomeno astronomikoak ulertzen laguntzeko eta gazteen jakin-mina eta zientziarekiko interesa pizteko helburuarekin antolatu dute ikastaroa.

Meteoritoen gainekoak

Tailerra emango duen Virginia Garciak azaldu duenez, tailerraren helburua meteoritoak ezagutzea izango da, horiek identifikatu eta bereiztea: "Galdera hauei erantzunak emango dizkiegu: Zergatik desagertu ziren dinosauroak? Zer dira izar euriak? Zein da meteorito, meteoro eta meteoroideren arteko desberdintasuna? Non aurkitu ditzakegu mikrometeoritoak?…".

Mikrometeoritoak aztergai

Mikrometeoritoak edonon ikus daitezke. Espaziotik erortzen diren materialak dira, atmosferan sartzean desegiten ez direnak. "Tailer honetan, umeek mikrometeoritoak bilatuko dituzte, eta gero, mikroskopioarekin ikusi ahal izango ditugu. Hala ere, Aranzadik bilatutako batzuk eramango ditut, imanen bidez partikula metalikoak baztertu eta mikroskopioarekin ikusteko. Partikula metalikoak dituztenak herrian bertan ere bilatu ditzakegu, horiek baitira bilatzeko errazenak…".

Plaza guztiak beteta

Astronomiaren inguruko mikrometeoritoen tailer horretarako plaza guztiak beteta daude dagoeneko; guztira, hogei haur izango dira bertan. Hala ere, aurrera begira astronomiaren inguruko tailerrekin jarraituko dutela adierazi du Arantxa Unzuetak, Kultura teknikariak: "Gure asmoa da hilero astronomiaren inguruko tailer ezberdin bat antolatzea. Mikrometeoritoen lehenengo tailer honetarako plaza guztiak beteta arrakastatsua izatea espero dugu, eta haurren gustukoa izatea. Hala, otsailean beste tailer bat ere prestatuko dugu, astronomiaren bueltan izango dena".

Izen-ematea kultura etxean

Datozen tailerretarako izena denboraz emateko eskatu dute kultura etxeko arduradunek, plazak mugatuak direlako. Hala, izena 943 71 46 88 telefonora deituta edo kultura etxera joanda egin daiteke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak