Liderra, puntu bakarrera
Eskoriatzako neskek Lauburu taldea izango dute aurkari; sailkapenean liderrak dira, eta, etxetik kanpo jokatu arren, lehen postuaren bila joango dira Ibarrara. Eskoriatza aurkariarengandik puntu bakarrera dago, bigarren postuan, eta azken egunetan gogor ari dira prestatzen partidua irabazteko. Honela azaldu du Eskoriatzako Marta Garcia jokalariak: "Gogotsu gaude gaur jokatuko dugun partidurako. Borrokatzen jarraitu nahi dugu, esperantza galdu barik, denboraldi amaieran lehen postuan izateko, baina oraindik goiz da, partidu asko geratzen zaizkigu eta…".
Ane Gai, Euskal Selekzioarekin
Eskoriatzako Ane Gai jokalaria Euskal Selekzioarekin izan da Getxoko kontzentrazioan. Hainbat entrenamendu saio egin ditu bertan, eta laster jakinaraziko diote ea aukeratutako bat den edo ez jokatuko dituzten partiduetarako.
Mutilek, datorren astean
Euskal Ligako Eskoriatzako mutilek, berriz, domekan, 17:30ean, jokatuko dute lehen bueltako azken partidua, Laudion, Bagituxak taldearen aurka. "Atzeratutako partidua da domekakoa, eta hurrengo astean bigarren buelta gogor hasi nahi dugunez, garaipen beharrean gaude…", adierazi du Iker Molina entrenatzaileak.
Ohorezko gazteek, berriz, datorren astean, urtarrilaren 20an, jokatuko dute partidua, Lauburu taldearen aurka, eta astea erabiliko dute partidu hori prestatzeko.