Intxaurtxuetako lanak amaitzen ari dira

Imanol Beloki Unamuno 2018ko urt. 11a, 16:00

Intxaurtxuetako lanak amaitzen ari dira.

Eskoriatzako Intxaurtxueta auzoko lanak, herriko sarreran egiten ari direnak, hilabete honetan amaituko dituzte; aste honetan ez bada, hurrengoan.

Argiteria, espaloia eta loreak jarrita dituzte dagoeneko, eta azken ukituak ematen ari dira egunotan. Aste honetan, asfaltatzearekin eta aparkalekuak egiten aritu dira, eta, horrekin, behin betiko amaituko dituzte egin beharrekoak.

Akordioa betetzen

Herriko sarreran dauden bi etxe blokeetako lanak geldi daude duela hamar urtetik hona, 2008ko uztaila ezkero, eta 2016an obraren sustatzailearen eta Eskoriatzako Udalaren artean sinatutako akordioari esker, urbanizazio lanak bukatzen ari dira. 2017ko urtarrilean, garajerako sarrera bukatu zuten eta orain, falta ziren urbanizazioa lanekin ari dira.

"Akordio honekin, obrako sustatzaileak urbanizazioa bukatzeko konpromisoa hartu zuen, egin beharreko lan guztien kostua bere gain hartuz. Udalak, berriz, falta diren etxebizitzak egiteko erraztasunak ematen dizkio sustatzaileari; hala ere, obrak atzerapen handiarekin joan dira…", adierazi du Hirigintza eta Mugikortasun batzordeburu Josu Ezkurdiak. 

Hiri planteamendu aldaketa

Egin barik dauden bi etxe blokeak batera egitekoak ziren. Bloke bakoitzean bi atari daude eta atari bakoitzean zortzi etxebizitza. Horrenbestez, guztira, 32 etxe izango lirateke bi blokeetako etxe guztiak kontuan hartuz.

"Aldaketa honekin, lehenengo, bloke bat egin eta saldu egingo da, eta ondoren, bigarrena egingo da, hauek salduz gero. Aldaketak horrek izugarri erraztu du akordioa; izan ere, promozio batek bestea finantzatzen du", Ezkurdiak adierazi duenez.

Zirkulazio aldaketa

Intxaurtxuetan egin dituzten lanekin batera, zirkulazio aldaketa ere izango da auzoan. Obrak guztiz bukatzen dituztenean, auzoko sarrera bide berritik izango da –O'Dogherty taberna ondoko sarreratik– eta irteera, berriz, Eroski supermerkatu paretik; hala, noranzko bakarreko errepide bihurtuko da. Aldaketa horrekin, Eroski pareko bidean izaten den zirkulazioa arindu egin nahi dute.

Zirkulazio aldaketarekin batera, 30 aparkaleku gehiago izango dira eremu horretan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak