Julen Fornies Eskoriatza Kirol Elkarteko saskibaloi saileko kirol zuzendari eta Lacturale Art Araski lehen taldeko laguntzaile teknikoak zuzendu du campusa, eta Iñigo Cimiano eta Roberto Bengoa Araskiko harrobiko entrenatzaileak ere harekin izan dira guztia prestatzen. Horiez gainera, Eskoriatzako saskibaloi taldeetako entrenatzaile eta jokalarien laguntza ere izan dute campusa aurrera eramateko.
Helburu asko
Egunotan, giro aparta izan da Manuel Muñoz kiroldegian, eta campusean izena eman duten 29 gaztetxoek ederto pasa dute. Hainbat balio transmititzen saiatu dira antolatzaileak, eta, horretarako, hainbat helburu zehaztu dituzte: "Helburua emakumezkoen saskibaloia sustatzea da, alde batetik; bestalde, saskibaloia talde kirola da, eta harremanak indartzen ere saiatu gara hainbat joko eginez. Teknifikazio txiki bat ere antolatu dugu, joko gehiagorekin; hala, Gabonetarako ekintza berezi moduan, kirola maitatu dezaten, eta saskibaloira lotu daitezen…", adierazi du Julen Forniesek, Eskoriatza Kirol Elkarteko saskibaloi saileko kirol zuzendariak.
Hiru eguneko ekimen horretan, saskibaloian izena emanda daudenak egon arren, askorentzat lehenengo proba dela adierazi du Forniesek: "Lehenengo probarekin, hau da, campusean ondo pasatzen badute, agian, datorren urtean taldera sar daitezke, eta hori ere nahiko genuke, nahiz eta asmoa haurrak saskibaloian aritzea den".
'All Star' txapelketa
Oinarritik hasita, maila igotzen joan gara. Liga bat proposatu dugu, bosteko taldeetan jokatuko dute. Egubakoitzean, All Star moduko txapelketa izango dugu. Jaurtiketa txapelketa, maneiu eta bote txapelketa… eta, amaitzeko, opari bat jasoko dute bertan izan diren haur guztiek.