Eguneko hitzordu azpimarragarri horrez gain, egun osorako egitaraua prestatu du Udalak hilaren 24rako. Goizean, gaztaina erreak jateko aukera izango dute plazara bertaratzen direnek. 12:00etatik 13:00etara, Olentzeroren laguntzaileak Fernando Eskoriatza plazan izango dira haurren eskutitzak batzeko. Eta haurrek urtean zehar zein ondo portatu diren esango diete eguneko protagonistei, eskatutakoa ekartzeko. Ondoren, herriko haurrek Gabonetako kantak abestuko dituzte, eta trikiti eskolako ikasleekin kalejira egingo dute, 13:00etan.
Arratsaldean, berriz, 17:30ean, Gabon kantak abestera joango dira herritarrak Jose Arana zaharren egoitzara.
Traktorean Apotzagatik behera
18:00etan, Olentzero eta Mari Domingi Apotzaga auzotik jaitsiko dira traktore gainean, eta ongietorria egingo zaie Fernando Eskoriatza plazan, honako ibilbide hau egin ostean: Intxaurtxueta, Gaztañadui, Olazar, Dorleta, Aranburuzabala, Arana eta herriko plaza. Herrian zehar ari direla, gozokiak emango dizkiete haiek ikustera gerturatzen direnei. Ondoren, txistulari eta soinu-joleekin batera kalez kale ibiliko dira, eta herritarrek kantuz lagunduko dituzte.
Errege magoen kabalgata
Urtarrilaren 5ean, berriz, Meltxor, Gaspar eta Baltasar Eskoriatzan izango dira. Urtero moduan, gozokiak banatuz kabalgata egingo dute, Manuel Muñoz kiroldegian hasita. Antortxeroak eta kabalgatan parte hartuko dutenak 17:30ean batuko dira, kiroldegian, eta, bertatik abiatuta, Intxaurtxueta-Gaztañadui-Arbiñoste-Arana–Fernando Eskoriatza plaza bidea egingo dute. 18:30 aldera iritsiko dira plazara.
Herodesen istorioa
Errege magoek ibilbidea hasi eta gutxira, Jose Arana zaharren egoitzaren parean, Herodesen istorioa antzeztuko dute, iaz egin zen moduan. Antzezlanaren ostean, bideari ekin, eta amaitzean, Erregeek umeen eskutitzak jasoko dituzte Fernando Eskoriatza plazan.
Egitaraua:
• 12:00 Olentzeroren laguntzaileek haurren eskutitzak jasoko dituzte herriko plazan.
• 12:00-13:00 Gabon kantak abestuko dituzte plazan.
• 13:00 Trikitixa Eskolako ikasleekin kalejira.
• 17:30 Gabon kantak, Jose Arana zaharren egoitzan.
• 18:00 Apotzaga auzotik datozen Olentzero eta Mari Domingiri ongietorria egingo zaie. Ibilbidea honako hau izango da: Intxaurtxueta, Gaztañadui, Olazar, Dorleta, Aranburuzabala, Arana eta herriko plaza.
• Ondoren Txistulari eta soinu-joleekin batera, kantuak, kalez kale.
• Oharra: Goizean, gaztaina erreak izango dira plazan.