Komertzioak hasiak dira erakusleihoak apaintzen

Imanol Beloki Unamuno 2017ko abe. 15a, 13:40
Gabonetako erakusleiho lehiaketarako prest Zarus goxoki denda.

Gabonak gertu, urtero moduan, merkatariei zuzendutako erakusleiho lehiaketa jarri du abian Eskoriatzako Udalak. Lehiaketa astelehenean hasiko da, eta urtarrilaren 6ra arte, komertzioen erakusleihoak apainduta ikusiko dituzte herritarrek.

Erakusleiho lehiaketa urtero egin bada ere, aurten garrantzi handiagoa eman nahi dio Eskoriatzako Udalak; izan ere, irailean sortutako Merkataritza Mahaiak bi ekintza antolatu ditu, eta urtea bukatu aurretik egingo ditu. Batetik, Gabonetako erakusleiho lehiaketa, eta bestetik, Eskoriatzako establezimenduak non dauden jakiteko plano bat, Komertzioen mapa izenekoa.

Erakusleiho lehiaketan, sari bakarra izango da, 300 eurokoa, eta Eskoriatzako merkataritzaestablezimendu guztiak aintzat hartuko dira lehiaketan, aurrez izena eman behar izanik gabe. Gutxienez, 2017ko abenduaren 18tik 2018ko urtarrilaren 6ra bitartean (biak barne) erakusketarako prestatuta egon beharko dute erakusleihoek, eta botoa emateko azken eguna urtarrilaren 3a izango da. Bozketa egiten dutenen artean, bestalde, 100 euro zozketatuko dira Eskoriatzako edozein establezimendutan gastatzeko. Sari banaketa eta zozketa, bestalde, urtarrilaren 5ean egingo da, 19:30ean, Fernando Eskoriatza plazan, eta irabazlea aukeratzeko, erakusleihoaren kalitatearekin batera, kontuan hartuko dira publizitate-mezuaren irudimena, originaltasuna eta eraginkortasuna. Berrerabilitako materiala erabiltzea ere baloratuko da. Epaimahaia, berriz, herriko elkarte bakoitzeko kide banak osatuko du. Sariduna aukeratzeko, epaimahaikide bakoitzaren botoak batuko dira, eta horiei herritarren botoak gehituko zaizkie.

Gabonetako egitaraua

Datorren astean, Gabonetako egitaraua etxez etxe banatuko dute, eta, horrekin batera, Komertzioen mapa, turismo mapa, eta erakusleiho lehiaketan herritarrek bozkatzeko txantiloia. Horrekin batera, komertzio txikia sustatzeko herriko merkataritza definitzen duten hainbat hitz agertuko dira.

Urtarrilerako plangintza

Erakusleiho lehiaketa eta Komertzioen mapa ekintzen ostean, urtarrilean elkartuko da berriz Merkataritza Mahaia, eta, bilera horretan, herriko merkataritza indarberritzeko 2018rako plangintza zehaztuko dute. Hala, Udalak erakusleiho lehiaketan parte hartzeko dei egin die herritarrei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak