Bikote bat (Egoitz eta Miren) Egoitzen amona Kontxa hil berriaren omenaldia prestatzen ari da. Amonaren etxeko ganbaran aurkitutako eguneroko eta gutun batzuetan oinarrituko dira Kontxak gaztetan Parisko kabaret batean bizi izandakoak kontatzeko.
Memoriaren garrantzia
"Heriotzaz jardungo dugu. Maite dugun pertsona bat hiltzean, horrek barruan sortzen digunaren gainean, eta memorian mantentzearen garrantziaz… Gai honen inguruko gogoeta bat da. Printzipioz, helduentzat zuzendutako obra da, baina 11 urte dituen gaztetxo batek ere ederki ulertuko luke. Eskoriatzako saioa urteko azkena izango da, eta estreinatu genuenetik 30. saiora iritsiko gara otsailean eskainiko ditugun azken biekin. Beste lan batekin ere ari gara buru-belarri, LUR izenekoarekin, hain zuzen. Ane da pertsonaia nagusia. Anek potota dauka eta mutila da… ez dut gehiago aurreratu nahi", adierazi du Kepa Errasti aktoreak.
Errastiren gidoia, oholtzara
2016 Dramaturgia Berriak izeneko lehiaketan parte hartu zuen Kepa Errastik; hark idatzitako gidoia aukeratutako bat izan zen, eta oholtzara eramango da. "Nire lana amaitu da gidoia idaztearekin. Orain, lana egingo duen produktorearen esku geratuko da nork antzeztu… eta lana; Printzipal antzokian, Victoria Eugenian eta Arriagan eszenaratuko da".
Aretxarteren arrakasta
Atxabaltan be kriston aukeratzarrak daz! Aretxarte 2017 spotak ere arrakasta itzela izan du, eta bertan parte hartu du Errastik. "Pozik hartu dugu izan duen arrakasta. Astebetean 23.000 ikustaldi izatea izugarria izan da. Ez nuen halakorik espero, baina herritarren parte-hartze handiagatik herritik harago zabaldu dela esango nuke…".