Kantu bazkariaren bitartez ekin diote festari eskoriatzarrek. Herriko lau gaztek jardun dute bazkalostea girotzen, euskal kantu tradizional eta modernoak eskainiz; dantzarako tartea ere izan dute bertaraturikoek. Eguraldiak eraginda, Udal pilotalekura lekualdatu behar izan dute hitzordua –plazako karpan egitea zen hasierako asmoa–.
Hori, baina, ez da eguneko ekintza bakarra izan. Kantu bazkaria bukatuta, herriko kaleetara zabaldu da festa giroa: Orkestra elektrotxarangaren emanaldiak eman dio bukaera egunari, poteorako doinuekin.
Domekarako, bestetik, hainbat hitzordu dituzte finkatuta euskara zaleek. Eskoriatzako Ezkutuko altxorrak izeneko bisita gidatuarekin ekingo diote egunari; 12:00etan hasiko dute ekimena, museoan. Ostean, Mihiluze txapelketa egingo dute gaztelekuan, 18:00etan hasita. Eta, euskararen aldeko egitarauari bukaera emateko, Nomofobikak antzerkia egongo da Zaldibar Antzokian; 19:00etan hasiko da emanaldia.