Aldarrikapen egunari hasiera emateko, 12:30etan, triki-poteoa izango da Fernando Eskoriatza plazatik hasita. Ondoren, bazkaria Egokiena elkartean izango da. Bazkaltzeko, babajana egongo da, urtero moduan, eta bertaratzeko txartelak hamabi eurotan erosi daitezke Inkernu tabernan.
Mosaiko erraldoia
Bazkalostean, 17:30ean, mosaiko erraldoia egingo dute plazan. Honela adierazi dute Eskoriatzako Presoen Lagunak taldeko kideek: "Herriko plazan Euskal Herriko mapa jarriko dugu bi geziekin. Bertaratzen garenon artean, kartelak erabiliz. Hala ere, ea euririk ez duen egiten… Hala bada, goitik argazkia aterako dugu". Ekintza gauzatzeko, elkartasuna adierazi nahi duen edonori bertaratzeko dei egin diote antolatzaileek. Eguna amaitzeko, berriz, musika izango da nagusi: DJ Makala izango da Inkernun, 23:00etan.
Maixolen inguruko erakusketa
Zapatuko egitarauaz gain, Inkernu tabernan, Reau Sud Francilien preso dagoen Maixol Iparragirre eskoriatzarraren kartzela-ibilbidea adierazten duen erakusketa izango da ikusgai. Iparragirre Espainiarako estradizioaren zain dago, eta hari elkartasuna adierazteko antolatu dute panel informatibo bidezko erakusketa.