"Skate parkea hondatuta eta arriskutsu zegoen, eta, hasiera batean, berria jartzea pentsatu genuen, baina oso garestia zen. Horregatik, hondatuta dagoena konpondu egingo dugu; oinarriak mantendu ditzakegu, eta elementu berri bat jarriko dugu. Estazio zaharreko eraikuntza pareko U formako jaitsieratik ondoko gunera transfer izeneko beste arrapala bat jarriko da, berrikuntza moduan, zirkuitua forma borobilean jartzeko asmoz", adierazi du Josu Ezkurdiak, Hirigintza eta Mugikortasun batzordeburuak.
Olaetan ere berrikuntzak
Olaeta auzoan ere konponketa lanak eta berrikuntzak izango dira haur txikien eremuetan. Bertan dauden jokoak berritu, eta osasun parkea deritzen bi elementu berri jarriko dituzte. Ping-pong mahai bat ere jarriko dute, xake-mahaiaren alboan.
San Pedroko parkea biziberritu
"San Pedro auzoan dagoen goiko parkea utzita egon da, ez dago ezer bertan, eta, herriko gazte talde baten eskaerari erantzunez, street work out izeneko eremua jarriko dugu. Modu batera esanda, kanpoko gimnasioa ezarriko da, altuera batera barrak… dituena". Urtea amaitu aurretik, edo urtarrilerako, 15.000 euro inguruko kostua duten lanak amaituta egongo direla aurreikusten dute Udaletik.
Kiroldegiko lanak hasita
Manuel Muñoz kiroldegia eraberritzeko lanak ere aste honetan hasi dituzte, eta gimnasioaren azalera bikoiztuko da lan horiekin, besteak beste.