Bihar, zapatua, hasiko da, arratsaldeko sei eta erdietan, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna amaitzen denean. Bertan, ardo onduak, kanpoko ardo bereziak, pintxoak eta txistulariek alaitutako erromeria izango dira.
Ardoen antolaketa
Urtero lau ardo-postu jarri izan dituzte antolatzaileek Fernando Eskoriatza plazan, baina aurten, ardoen antolakuntzan berrikuntza bat egongo da: hiru postutan banatuta, bakoitzean lau ardo ezberdin egongo dira, guztiak onduak. Honela azaldu du Juan Luis Zubizarretak, Atxorrotx Kultura Elkarteko lehendakariak: "Hiru multzotan banatuta egongo dira: batean, Euskal Herriko ardoak izango dira, hiru ondu eta zuria eskainiko dute. Beste batean, Espainiako ardoak izango dira, eta han berdin, hiru beltz eta zuria; eta beste postuan, aurten, berezitasuna izango den Kataluniako postua jarriko dugu. Hain zuzen ere, hango ardoak egongo dira, baina bereizgarri batekin: ardo zuri bat, cava bat eta bi ardo beltz egongo dira postu horretan".
Pintxo berezia
Orain dela hiru urte, Pates Zubia enpresak jarritako foie pintxoak arrakastatsuak izan ziren, eta aurtengo edizioan ere izango dira. Bestalde, urteroko txistor-pintxoak ez dira egongo, eta antolatzaileek, sorpresa moduan, pintxo berezi bat jarriko dute, bertaratzen direnendako.
Batzar orokorra
Zapatuko ekintza horretaz gainera, Atxorrotx Kultura Elkarteko kideek urteko batzar orokorra egingo dute, elkartearen gaineko gaiak lantzeko. "Barne kontuez hitz egingo dugu. Inkernu taberna alokatuta dutenei amaitu egiten zaie kontratua, eta zurrumurruak egon dira itxi egingo dela, baina ez da hala izango. Bestalde, batzordeko kideak berritu egingo ditugu… gauza berriak egiteko asmoz".